NAIZ
BAIONA

«Haranburu jauna kartzelan hiltzeko» xedea salatu dute zenbait agintarik eta Bake Bideak

Ipar Euskal Herriko zenbait agintarien ustez, Jean-René Etchegarai barne, Auzitegiak hartutako erabakiak ez du «Euskal Herriko bake prozesua eta Haranburu jaunak hortan duen parte hartzea kontutan hartzen» eta «muzin egiten dio bere osasun egoerari. Erabaki honek, Haranburu jauna kartzelan hiltzeko xedea du».

Xistor Haranbururen askatasuna aldarrikatzeko elkarretaratzea. (Guillaume FAUVEAU)
Xistor Haranbururen askatasuna aldarrikatzeko elkarretaratzea. (Guillaume FAUVEAU)

Ipar Euskal Herriko zenbait ordezkarik –haien artean Jean-René Etchegarai Herri Elkargoko lehendakaria eta Baionako auzapezak eta Anaiz Funsosas Bake Bideako lehendakariak– gogor kritikatu dituzte epaileek emandako aitzakiak Xistor Haranbururen baldintzapeko askatasuna ukatzeko. Asteartean, Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak adierazi zuen Haranburu askatzeak ordena publikoa «azkarki trabatuko» lukeela. Halaber, ETAk jarduera armatua berriz hartuko balu «arrisku bat» litzatekeela erantsi zuen.

«Erabaki hau Terrorismoaren Kontrako Ministerio Publikoaren helegitearen ondotik dator. Honek sistematikoki errefusatzen ditu Zigorrak Ezartzeko Auzitegiaren erabaki guztiak, euskal presoen aldekoak direnean. Ez ditu ere Euskal Herriko bake prozesua eta Haranburu jaunak hortan duen parte hartzea kontutan hartzen eta muzin egiten dio bere osasun egoerari. Erabaki honek, Haranburu jauna kartzelan hiltzeko xedea du», nabarmendu dute.

Eta «erabakia mantentzen bada», agintari politikoaren ardura «frustrazioa eta haserrea» eragiten duten egoera honi aurre egitea izanen dela ohartarazi dute. «Ez dugu onartzen azken 10 urteetan gizarte baketsu bat eraikitzeko ezarri diren indarrak mendeku gogoak zapuztea», gaineratu dute.

Amaitzeko, azaroaren 2an antolatuko duten «gogoeta momentura» etortzera gonbidatu dituzte hautetsi eta erakunde politiko eta sozialetako ordezkariak. Bilera horretan euskal presoen egoerari buruz hitz egingo dute, eta «irtenbide integrala» lortzeko eman behar diren pausuak aztertuko dituzte.