Bizilagunak ekimena sendotzen doa; azaroaren 17an egingo da zortzigarren edizioa

Bizilagunak ekimenaren zortzigarren edizioa datorren azaroaren 17an egingo da. Ordu biak inguruan, Euskal Herriko hainbat etxek ateak zabalduko dituzte eta harrera egingo diete bertako nahiz lurralde hau bizitzeko aukeratu duten bizilagunei. Bertako eta atzerriko familiek otordua partekatzeko ekimena sendotzen doa eta jendartera zabaltzeko asmoz promozio bideo bat egin dute.

NAIZ|11/10/2019 13:53
Bizilagunekin
Bizilagunekin ekimenaren zortzigarren edizioa aurkeztu dute. (BIZILAGUNEKIN)

Fernando Verak (Amenic Ikus-entzunezko produkzioak) zuzendutako promozio bideoan, Ane Gabarain, Jose Ramon Soroiz eta Isidoro Fernandez aktoreek jakin-min handiz bizi dute bizilagun berrien etorrera. «Nondik etorri dira? Eta usain eta zapore horiek? Zer jaki prestatzen ari ote dira?», gisa horretako galderak hitzetik hortzera egiten dituzte. Hassna Kadouri Joundi eta Ramy Mohamed Kamel dira etorri berriak, eta horiek herrimina eta bakardadea sentitzen dute.

Jon eta Adrian haurrek, Cesare Magliani kameralariak eta Xabi Ortiz de Zarate soinu teknikariak osatu dute lana.

Izan jakin-minagatik, izan berria zaigulako… desberdina egiten zaigun horrek, galderak sorrarazten dizkigu. Galdera horien erantzuna da Bizilagunak, elkarbizitzaren eta ezagutzaren topagunea.

2018an 219 bazkari egin ziren

Aurreko zazpi edizioek ongi erakutsi dutenez, pertsonak elkartu, ezezaguna zaigunaren gaineko aurreiritzi eta estereotipoak desegin, eta gizarte sareak eraikitzeko ekimen eraginkorra da Bizilagunak. 2018an 2.542 pertsonak osatutako 219 bazkari egin ziren Euskal Herri osoan.

Aurten, Bizilagunak ekimenarekin bat egingo dute Donostia, Irun, Errenteria, Pasaia, Hernani, Zarautz, Ordizia, Andoain, Arrasate, Bergara, Eibar eta Azpeitiko udalek, baita Tolosaldekoek ere, Tolosaldea Garatzen eskualdeko garapen agentziaren bitartez.

Izena emateko aukera

Gipuzkoatik kanpo, Getxo, Barakaldo, Basauri edota Gasteizen egingo dira bazkariak. Izena emateko epea zabalik dago oraindik eta herrien zerrendak hazten jarraitzen du.

Pertsona, kultura eta errealitate gehiago ezagutzeko nahia duen edonori zuzendua dago ekimena. Gonbidatu, gonbidatzaile edo dinamizatzaile moduan parte har daiteke. Informazio gehiago, mugak.eu webgunean.

Ospakizun festa

Amaitzeko, ospakizun festa egingo dute Hernaniko Orona Auditoriumean. Gipuzkoa Solidarioaren hamargarren gala izango da, azaroaren 30ean. Bertan, Bizilagunak ekimenean parte hartuko duten familia guztiek elkartzeko aukera izango dute, eta aurtengoan, harrera, auto-antolakuntza eta integrazioari lotutako hiru jarrera eredugarri sarituko dituzte.

Festari amaiera emateko musika eta jai giroa izango dira nagusi.

INFOS ASSOCIÉES