Jon Ormazabal

Lasoren ausardiak erantzunik gabe utzi du Artola (9-22)

Bizkarretakoak berea eman duen bitartean, alegiarra oso deseroso aritu da partida guztian zehar eta sakez hiru falta ere egin ditu.

Unai Lasok ez dio aukerarik eman Artolari.(Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Unai Lasok ez dio aukerarik eman Artolari.(Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Uste baino hobeto hasi du Unai Lasok kaiolako final laurdenetako bere ibilbidea, Iñaki Artolari nagusitasun osoz irabazita. Faborito argirik gabeko partida zen gaurkoa Altsasun, baina nafarra bere mailarik onenetik gertu ibili den bitartean, alegiarra deseroso egon da kantxan hasiera-hasieratik eta histori gutxiko partida azkarra jokatu dute, 139 pilotakadetan amaitu dena.

Izan ere, hasiera-hasieratik hartu du jokoaren eta markagailuaren ekimena Unai Lasok. Ausart eta hala zuen bakoitzean errematerako aukerak baliatuz, Bizkarreta-Gerendaingoak ideiak oso argi zituela kantxaratu da eta erantzunik gabe utzi du Iñaki Artola.

Gipuzkoarrak kontserbadore ekin dio partidari, pausua aurrera beharrean atzera emanaz, botez duen indarrarengan konfiantza handia jarriz. Lasok, ordea, erritmo bizia mantntzea lortu du eta Artolak ez du asmatu nola aurre egin. Gainera, partida nolabait parekatzea lortu duenean (6-4), sakez falta bat egin du eta bere konfianta ere gainbeheran erori da. Bolea bikain batekin Artolak egindako tanto bat salbu, hurrengo hamahiru tantoak Lasok egin ditu, nafarrak ez baitu une bakarrean ere kontzentraziorik galdu.

Partida galduta ikusi duenean izan du Iñaki Artolak erreakzio txiki bat, baina markagailua apur bat txukuntzea baino ez du lortu, ez gehiegi ere, hein handi batean, sakez beste bi falta ere egin dituelako.