Mikel Zubimendi

Milaka atxilotu «Extinction Rebellion» desobedientziazko ekintza globalean

Klima larrialdiaren aurrean desobedientzia kanpaina globala garatzen ari da. Hitz hiperboliko eta ekintza probokatzaileekin eztabaidaren markoa aldatzen ari da. Beste ondorio bat ere ekarri du: errepresioa. Milaka dira atxilotuak munduan, Londresen bakarrik 1.300.

Sendagileak protestan Londreseko Trafalgar Square plazan, kutsadurak eragindako hildakoak gogoratzen dituzten oinetakoak aurrean dituztela. (Daniel LEAL-OLIVAS | AFP)
Sendagileak protestan Londreseko Trafalgar Square plazan, kutsadurak eragindako hildakoak gogoratzen dituzten oinetakoak aurrean dituztela. (Daniel LEAL-OLIVAS | AFP)

Aireportuak hartu, herrialde osoko trafikoa oztopatu, arrain merkatu nagusiak okupatu, ibaiak odol faltsuarekin tindatu, larrialdi klimatikoaren inguruko berriak behar besteko larritasunarekin ematen ez dituztelako komunikabide publikoak blokeatu, kanpaldiak, yoga saioak… mota guztietako ekintzak izan asteon munduko 60 hiritan –bereziki herrialde anglosaxoietan–. Gobernuak larrialdi klimatikoaren aurrean erabaki larriak hartzera eta ekintza erradikalak indarrean jartzera behartzea izan da ‘Extinction Rebellion’ ekimenaren helburua.

Espero zitekeen bezala, han eta hemen, batzuk alde eta beste batzuk kontra azaldu dira –oso kontra ere, ekintzaileak «zarakar» hutsa zirela esan zuen Boris Jonhson kasuko–. Desobedientzia kanpaina hori irreala eta disruptiboa delakoan kritikatu dute, baina begien bistakoa da erabiltzen dituzten taktikek publikoa eta politikariak klima larrialdiaren ispiluaren aurrean jarri dituztela, jarrera bat hartzera bultzatuz.

Ekintzok ere beste ondorio bat ekarri dute: errepresioa. Erresuma Batuan bakarrik, egunotan egin diren ekintzetan 1.300 pertsona atxilotu dituela azaldu zuen atzo Londresko Metropoliko Poliziak. Mundu mailan egin diren atxiloketen kopuru zehatza ez da ezagutzen, baina jasotako informazio sakabanatuak ikusita, bost milatik gora izan daitezkeela esan daiteke huts egiteko beldurrik gabe. Atxilotu gehienak isun galantekin atera dira epaitegietatik, baina atzo Billigsgate arrain merkatuan, Londreseko handiena, egindako ekintza ikusgarrian atxilotutako beste 28 lagunek erakutsi bezala, ez dute lortu desobedientzia kanpaina hau gelditzea.

Eztabaidaren markoa aldatu

Desobedientzia kanpaina orok sorrarazitako kaosaren neurria, maiztasuna eta helburuak ondo pentsatu behar ditu. Ondo antolatuta egon eta berritzailea izan behar du mugimendu sozial erradikal orok,  eta jendearen begiak ireki behar ditu planteatzen den arazoaren aurrean. Gero ekintza zehatz hau edo hura gehiago edo gutxiago gustatu daiteke, bati politika berriaren paradigma irudituko zaio, eta, agian, beste bati, inauteri bateko parodia. Baina hor datza ere, maila batean, horrelako kanpainen arrakastaren giltza.

‘Extinction Rebellion’ ekimenak hiru helburu finkatu ditu: klima krisiaren larrialdiaren tamainaren berri ematea, 2025. urterako karbono isurketa zerora jaistea eta aldaketok gainbegiratu eta zainduko dituen Batzar Herritarra sortzea. Macron frantziar presidenteak, adibidez, onartu du azken puntu hori. Helburu gauzagaitzak direla? Eta? Helburua politikariak eta enpresaburu boteretsuak probokatzea eta aztoratzea da, lehen pentsaezina zena posible denaren urrutiko zerumuga bilakatu dadin.

Duela urtebete hasitako kanpainak, Greta Thunberg ikono duena, eztabaidaren markoa aldatu du. Inkesten arabera, britainiarren %78k uste dute planeta «hondamendira» doala «zuzen-zuzen», eta pertzepzio hori ikaragarri hazi da azken urtean. Horretan zeresan handia izan dute, zalantzarik ez, klimaren aldeko ekintzaileek.