Jon Ormazabal

Aurretik eraman du txapeldunak Oinatz Bengoetxea Lekunberrin (8-22)

Ezkurdiaren pilotakadek beste abiadura bat erman dute eta arbizuarrak ez dio inolako aukerarik eman erabat gainditua egon den leitzarrari.

Joseba Ezkurdiak ez dio aukerarik eman Oinatz Bengoetxeari (Idoia ZABALETA/FOKU)
Joseba Ezkurdiak ez dio aukerarik eman Oinatz Bengoetxeari (Idoia ZABALETA/FOKU)

Hainbeste kostatako txapela burutik kentzeko inolako asmorik ez duela erakutsi du Joseba Ezkurdiak Lekunberrin, bere aurkaririk gogorrena izan daitekeen Oinatz Bengoetxea aurretik ermanda. Entrenamenduetan eta ondoegi aritu ez denez, bazen zenbait zalantza arbizuarraren inguruan, baina nahikoa izan du ordu erdi bat duda horiek guztiak kolpetik uxatzeko.

Tiro batek bezala ekin dio partidari Aspeko pilotariak. Saketik hasita, ikaragarrizko abiadura sartu dio pilotari bereziki bizia den Lekunberriko Jaian Jai pilotalekuan eta Oinatz Bengoetxea txikitu egin du hasiera-hasieratik. Gainera, sakea bere eskuan izan duen lehen aldian ere motz geratu da leitzarra eta partida hasiera zigor bat bezalakoa izan da berarentzat. Abiaduraz harago, egungo kaiolako txapelduna ere oso zuzen aritu da pilotan, arerioari jartzeko ere aukerarik eman gabe.

Gauzak horrela, oso azkar utzi du erabakita Ezkurdiak ligaxkako bere lehen puntua 15-1 ere aurreratu baita ordu laurden eskasean. Lan zailak izan ditu Oinatz Bengoetxeak, baina berean ere ez du gehiegi asmatu, partidari buelta emateko izan dituen aukera urriak ere bota egon baititu, sakez tantorik ez egiteaz aparte, hiru falta ere egin dituelako. Markagailua apur bat txukuntzera baino ez da heldu eta ostiralean hil ala biziko partida bat jokatu beharko Iñaki Artolaren aurka.