Naiz

Erakunde eta espazio kulturalek artean duten paperari buruzko gogoeta, Bilborocken

Bitartekaritza arte programatzaileen egunerokotasuna da, ez bakarrik erakusketak prestatzen dituztenean, baizik eta publikoari horiek gerturatzeko lanetan ere. Euren funtzioa funtsezkoa da. Jardunaldian horretan jarduten diren pertsonek euren esperientzien berri emango dute.

Alondegiko erakusketa bat. (NAIZ)
Alondegiko erakusketa bat. (NAIZ)

Unesco Etxeak eta GizArte sareak jardunaldi bat sustatu dute erakunde publikoek eta espazio kulturalek artearen gizarteratzean duten paperaren inguruko gogoeta sortzeko asmoz. Eztabaidarako aukera izango da urriaren 28an, 15.00etatik 20.00etara, Bilborock aretoan.

Irakasle, artista, bitartekari, kultur kudeatzaile, ikasle eta gaian interesa daukan edozein pertsonari zuzendutako ekimena da hau. Alondegia, Bitartean eta Euskal Herriko Unibertsitatearen aurkezpenak izango dira bertan eta euskal bitartekaritza kulturala eta artistikoaren dekalogoa sortuko da.

Antolatzaileen esanetan, egun erakunde, espazio, proiektu eta eragileen oinarrizko lan ildoa bitartekaritza da, ez bakarrik erakusketa edo programazio bat prestatzean baizik eta hiritarrei artea gerturatzerakoan ere bai.

Gaiaren inguruan informazioa jaso ahal izango dute jardunaldira joaten direnak, bertan izango baitira egunerokotasunean bitartekari lanetan aritzen direnak euren esperientziak kontatzen.

Jardunaldiak bi parte izango ditu. Lehenengoan honako gonbidatu hauek hartuko dute parte: Rakel Esparza, Azkuna Zentroaren Programazio arduraduna; Bitartean proiektua (Nafarroan kultura eta sormen mediazioan lan egiten duen kolektiboa); eta Idoia Marcellan zein Naiara Herrerak, Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatean irakasleak. Proiektuen tamainia, helburua eta izaera ezberdinak kontuan hartuta, bitartekaritza lantzeko modu ezberdinak ezagutuko dira aurkezpen hauen bitartez.

Jardunaldiaren bigarren partean, lan kolektiboa proposatuko da: euskal mediazioaren jardunbide egokien dekalogoaren sormena.