NAIZ

Editorialek eta literatur agenteek euren lekua izango dute Irudikan

Irudika ilustratzaileen nazioarteko topaketa profesionalen hirugarren edizioa hartuko du Gasteizko Artium museoak urriaren 24 eta 26 bitartean eta, berrikuntza gisa, aurten literatur agenteek eta argitaletxeek ere parte hartuko dute.

Irudika ilustrazio topaketen aurkezpena. (Juanan RUIZ / FOKU)
Irudika ilustrazio topaketen aurkezpena. (Juanan RUIZ / FOKU)

Aurreko edizioan nazioartekotzearen aldeko apostua egin zuen bezala, aurten ilustrazioaren munduan dabiltzan eragile ezberdinei atea ireki nahi izan die Irudika ilustratzaileen nazioarteko topaketa profesionalak.

Urriaren 24 eta 26a bitartean ospatuko da topaketa Gasteizko Artium museoan eta Hego Korea, Britainia Handia eta Argentinako editorial, ilustratzaile eta agenteak gonbidatu dituzte. Argentinaren ordezkari gisa parte hartuko dute Maria J. Luke ilustratzaileak eta Limonero editorialak, Hego Koreatik Miju Lee eta Josu Choi ilustratzaileak etorriko dira eta Britainia Handitik William Grill ilustratzailea eta Nobrow - Flying Eye Books argitaletxea.

Antolakuntzatik azaldu dutenez, aurtengo topaketen ardatza zinema eta bideoklipak, museoak, moda eta pattern diseinua izango dira eta ilustrazioko profesionalekin batera egindako lanak aurkeztuko dira. Hala, topaketan izango dira Javier Mariscal diseinatzailea, Lyona errealizatzaile-ilustratzailea, pattern eta oihal diseinuan dabiltzan Atakontu Kolektiboa eta Anna Emilia Laitinen finlandiarra, eta Balenciaga eta ABC museoko ordezkariak.

Argitaletxe eta literatur agentei zuzendutako topaketei dagokienez, Suitzako La Joie de Lire editorialeko Carina Diez Solari, Italiako Corraini Edizioniko Giovanna Ballin, Argentinako Ediciones El Fuerteko Juan Casal eta Sofia Noceti, eta Brasileko Revista Emiliako Dolores Prades izango dira Gasteizen.

Hitzorduak eta tailer sekretuak

«Irudikan badakigu networking sare on batek aukera ugari sor ditzakeela kontaktu eta harreman profesional berriak egiteko giro atsegin batean, eta horregatik antolatzen ditugu hitzaldiak eta elkarrizketa profesionalak», azaldu dute antolakuntzatik. Hala, Irudikan izena eman duen guztiak aukera izango du hitzordu profesionalak eskatzeko gonbidatuekin. Aukeratutako egileek 15 minutuko bilerak egingo dituzte eurekin portfolioak ikuskatzeko, lanak erakusteko nahiz zalantzak argitzeko.

Gainera, bost tailer sekretu egingo dira. «Gure bisitariek ez dute jakingo zein ilustratzaile izango duten maisu bi egunez, lau saiotan banatutako zortzi orduko tailerretan». Tailer horietan irakasle arituko dira: William Grill, Miju Lee, Jisu Choi, Miren Asiain eta Maria Luque.Azkenik, ilustrazio eta animazio lehiaketak ere izango dira.

Irudikan parte hartu nahi dutenek euren webgunean dituzte argibideak eta egitarau osoa.