NAIZ

Estaturik gabeko herrialdeen doinuek Musika Bizian jaialdian izango dute oihartzuna

Musika Bizian jaialdia seigarren ediziora iritsia da eta, urriaren 25 eta 26an, estaturik gabeko herrialdeen musika gerturatuko du Galdakaora. Aurtengoan, Man Uharteko, Eskoziako, Frisiako eta Euskal Herriko taldeek hartuko dute parte.

Musika Bizian jaialdiaren aurkezpena. (NAIZ)
Musika Bizian jaialdiaren aurkezpena. (NAIZ)

Estaturik gabeko herrialdeen musikak hitzordua du urriaren 25 eta 26an Galdakaon. Musika Bizian jaialdiak Euskal Herriko, Man Uharteko, Frisiako eta Eskoziako doinuak bilduko ditu herri bizkaitarrean eta aurten jarduera paraleloak ere izango direla aurreratu dute antolatzaileek: luthier azokaren bidez, artisauek musika-tresnak nola egiten dituzten erakutsiko dute.

Kontzertuei dagokienez, Alboka (Euskal Herria), Modus Operandi (Euskal Herria), Skipinnish (Eskozia), Mec Lir (Man Uhartea) eta Baldrs Draumar (Frisia) talden emanaldiak izango dira.

Oholtza gainean 25. urteurrena ospatzen ari den Alboka izango da ostiraleko protagonista: «Gaur egun zortzi kide dituen taldea euskal folkaren ordezkari sendoenetakoa da, herrialdeko erromantze tradizionaletan oinarritutako melodiak eguneratuz eta sortu berri diren beste batzuk eskainiz, beti ere musika herrikoiari leial izanda», ekarri dute gogora aurkezpenean.

Joxan Goikoetxea eta Alan Griffin buru dituen taldeak Iturrondo plazan eskainiko du kontzertua, urriaren 25ean, Mec Lir-en emanaldiaren ostean (21.00); Man Uharteko Tomas Callister biolin jotzailearen proiektu berria da Mec Lir, erritmo zeltiarrak oinarri dituena.

Larunbatean, leku eta ordu berean hasita, Baldrs Draumar –frisieraz abesten duen viking metal taldea–, Skipinnish –Eskoziako doinu tradizionalak– eta Modus Operandi –Betagarrin ibilitako Iñaki Ortiz de Villalbaren proiektu berria– ariko dira.

Kontzertuen aurretik, 19.00etan hasita, kale animazioa ere izango da, Taberna Ibiltaria (ostiralean) eta Xistra Coruxoren (larunbata) eskutik.

Luthier azoka

Aurten lehenengoz luthier azoka ere hartuko du Musika Bizianek. Bertako artisauekin batera Sardinia, Okzitania eta Galizako ordezkariak izango dira azokan. Larunbatean 12.00etan irekiko dira Iturrondo plazan ezarriko diren postuak eta 10 minutu inguruko mini-kontzertuak ere eskainiko dira, ekoizten dituzten musika-tresnen nolakotasuna erakusteko. Landetako kornamusa, Sardiniako klarinete hirukoitza edo zanfona, alboka, txalaparta, pandero, txistu, danbor, adar eta berrerabilitako materialarekin egindako musika-tresnan erakustaldiak egingo dira, besteren artean.

Musika Bizian Estaturik gabeko herrialdeetako musikari eskainitako jaialdi bakarra da eta, 2014an lehen edizioa egin zenetik, Europatik, Ameriketatik eta Afrikatik etorritako hogeita hamar talde inguruk hartu dute parte.  Andra Mari Eusko Dantzari taldeak antolatzen du, Galdakaoko Udalaren, Bizkaiko Diputazioaren, Laboral Kutxaren eta Iraragorri hotelaren laguntzaz. Kontzertu guztiak doakoak dira.