NAIZ
ELIZONDO

Pribatizazioaren ondorioz Elizondoko zahar etxean egoera kaskarra dela salatu du LABek

Elizondoko zahar etxea pribatizatu ondoren prekarietatea nagusi dela salatu du LABek. «Garbi gelditzen da ez langileek eta ezta erabiltzaileok ere ez dugula inongo babesik izan», gaineratu du sindikatu honek.

LABek gogoratu duenez, Elizondoko zahar etxearen patronatua osatzen duten bederatzi kideetatik soilik EH Bilduko zinegotziek eman zuten kontrako boza. Eta pribatizazio horren ondorioa prekarietatea dela salatu du sindikatuak.

«Zahar etxeek ematen duten zerbitzuak gizartearen oinarrizko behar bat betetzen du. Horren kudeaketa esku pribatuetan utziz gero, etekin ekonomikoa baino ez da bilatzen; eta hori guztiz onartezina da. Are gehiago lan baldintzen prekarizazioaren bitartez eta zerbitzua kaskartuz egiten denean, horren ondorioz erabiltzaileek jasotzen duten zerbitzua eta badituzten baldintzak nabarmen okerragoak baitira», laburbildu du LABek.

Nafarroan plaza kontzertatuen zati bat Gobernuak ordaintzen duenean, langileek herrialde mailako baldintza minimo batzuk dituztela gogoratu du LABek. Elizondon, ordea, Idea enpresak, «alde bakartasunez eta Udalari inongo berririk eman gabe», plaza horietara ez aurkeztea erabaki zuen. Plaza kontzertaturik ez denez, ez dute langileen baldintza minimo horiek betetzeko inongo konpromisorik, LABen arabera.

«Jarrera horren gibelean dauden arrazoiak bi dira; langileen baldintzak duindu nahi ez izatea eta legedi orokorretik at funtzionatu nahi izatea, argi utzita langileak eta erabiltzaileak bortz axola zaizkiela eta, beraiendako, dirua dela garrantzia duen elementu bakarra», erantsi du LABek.