Artola bizirik da Lau eta Erdian minduta jokatu duen Bengoetxea menderatu ostean (17-22)

Partidako bigarren tantoan min hartu du Oinatz Bengoetxeak ipurmasailean eta hortik aurrera oso baldintzatuta jokatu du. Hala ere, 13-15 eta 16-18 hurbildu zaio Txapelketan bizirik jarraitzen duen Iñaki Artolari.

ASIER AIESTARAN|18/10/2019
Artola
Artolak haizea alde izan du Gernikan (FOKU)

Iñaki Artolak 17-22 menderatu du Oinatz Bengoetxea Gernikako Santanape pilotalekuan jokatu duten Lau eta Erdiko Txapelketaren final-laurdenetako ligaxkaren bigarren jardunaldiko partidan. Hasieran Artola bera baldin bazen arazo fisikoekin iristen zena, eskuak minduta ibili delako asteotan, azkenean Bengoetxea izan da min hartuta jokatu behar izan duena.

Ederki hasi da Oinatz Bengoetxea, bi tanto eder egin eta 2-0 aurreratuz, baina bigarren tanto horretan zaintiratu bat somatu du ezker ipurmasailean. Hurrengo tantoa azkar amaitu nahian hasi eta berak galdu du, eta berehala aldageletara sartu da Iñigo Simon sendagilearen laguntzarekin.

Hortik aurrera minez jokatu du leitzarrak, eta ez du bere maila onena ematerik izan. Artolak, aldiz, ongi baliatu du Oinatzen ezina zortzi tanto segidan egin eta 2-8 aurreratzeko. Aurkariaren gabeziak bakarrik ez, alegiarrak tanto ikusgarriak egin ditu hasiera horretan.

Egoerak berdin jarraitu du telebistako lehen atsedenaldi luzera arte (3-12). Bengoetxea nabarmen baldintzatuta jokatzen ari zen, aurreneko jardunaldiko emaitza txarra kontuan izanda gainera ia aukerarik gabe geratzen ari zen, baina hala ere gogotsu ikusten zitzaion, bere buruari animoak emanez eta partidan sartu nahian.

Atsedenalditik itzuleran Artolak pilota zabalera bidali du, Oinatzi sakea eta pilota aldatzeko aukera emanez. Beste tanto pare bat egin ditu alegiarrak, baina neurketaren itxura aldatzen hasi da. Artolak bi pasa egin ditu lau eta erdiko marratik atzera, Oinatzek ormabiko ikusgarri bat sartu dio... Alegiarra larritzen hasi da eta leitzarra, ikusleen bultzadarekin, garaipenean sinesten (10-14).

Saiatu da Artola atsedenaldiak eskatu eta aurkariaren bolada ona mozten, baina 11-14koa (zabalean) eta 12-14koa (tanto gogor batean) ere ikusgarriak izan dira Bengoetxearen alde.

Leitzarra asko arriskatzen ari zen, ordea, eta azkenean hutsak iritsi dira. Artolak berriz ere arnasa hartu du eta markagailuan ere tartetxoa ireki beste behin, 13-18. Baina alegiarrak opari handia egin dio aurkariari, saketik falta egin eta sakea Oinatzi itzuliz.

Leitzarra 16-18 hurbildu da, baina berriz ere tanto bakarrera jartzeko izan duen aukera ez du baliatu, zabalera alde egin dion gantxo baten erruz. Hortxe amaitu dira Bengoetxearen aukerak, 17-20 jarri den arren, leitzarrak ere saketik falta bat egin duelako une horretan eta Artolak ongi itxi duelako partida txokoan bikain utzitako pilota batekin.