NAIZ

Kataluniari babesa agertzeko udalen aurrean ekimen sinbolikoa egin du EH Bilduk

Kataluniari elkartasuna adierazteko xingola horiak eta banderolak jarri ditu gaur EH Bilduk, ezker subiranistak alkatetza daukan udaletxeetan. Azpeitian, Mertxe Aizpurua Kongresurako hautagaiak «inboluzio antidemokratikoaren» aurrean, «subiranistok indarrak batzeko eta norabide bera hartzeko ordua» dela adierazi du.

Mertxe Aizpurua EH BIlduko kongresurako hautagaia, Azpeitian. (EH Bildu)
Mertxe Aizpurua EH BIlduko kongresurako hautagaia, Azpeitian. (EH Bildu)

Xingola horiak eta banderolak eskegi ditu gaur eguerdian EH Bilduk, ezker subiranistak alkatetza duen udaletxeetan. Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako buruzagi independentisten aurka emandako epaiaren aurrean Euskal Herrian altxatu den elkartasunezko olatuaren barruan kokatu du ekimena, eta datorren «inboluzio antidemokratikoaren» aurrean «indarrak batu» eta «norabide bera» hartzera deitu du.

Azpeitian eguerdian burututako ekimenean, adierazpenak egin ditu Mertxe Aizpurua Kongresurako hautagaiak. «PSOEk, PPk eta Ciudadanosek izan dituzten erreakzioek» Espainiako estatuaren izaera agerian utzi duela esan du eta «155 artikulua eta Segurtasun Legea indarrean jartzeko» mehatxuen ondoan, indar polizialek «Katalunia hartua» dutela nabarmendu du.

EH Bilduko hautagaiak salatu duenez, «Estatu gaietan elkarrekin aritzea erabakia daukate Espainiako alderdi handiek, eta modu horretara jokatuko dute Espainiaren batasun hautsiezina eta elite ekonomikoen eta politikoen pribilegioak defendatzeko orduan». «Abisu moduan hartu behar dugu Gorenaren epaia», ohartarazi du Aizpuruak, eta gaineratu du demokrazian sinisten duenak epaiaren ostean ezin duela beste alde batera begiratu.

«Elkarrekin, indartsuago»

«Haiek bat egin dute, gauza bera egin behar dugu subiranistok», deitu du Aizpuruak, «indarrak batzeko eta norabide bera hartzeko ordua» dela nabarmenduz, EH Bilduk eta ERCk egin duten bezala.

Azaldu duenez, «elkarrekin arituta indartsuagoak» izango dira indar subiranistak eta «soilik modu horretan aurre egin ahal izango diegu inboluzio antidemokratikoaren bidea hartu duten Estatuari eta Espainiako alderdi handiei».

Bihar, larunbata, Gure Esku Dagok Donostian deitutako manifestazioa ekarri du gogora, eta esan duenez aukera paregabea izango da adierazteko «erabakitzeko eskubidean eta demokraziaren oinarrizko balioetan sinisten duten euskal herritarrek Espainiako Estatuari, alderdi handiei eta botere faktikoei hartu duten inboluziorako bide horrekin ez daudela ados, modu librean erabaki eta bizi nahi dugula».