Manifestazio batekin amaitu dute hilabeteko greba Gipuzkoako erresidentzietako langileek

Irailaren 19an hasi zuten hilabeteko greba egutegia Gipuzkoako erresidentzietako langileek, ELAren deiari erantzunez. Ostiral honetan hilabete honetako azken manifestazioa egin dute Donostian, aurreko hamar egunetan Gipuzkoako 13 udalerritan mobilizazioak egin ostean.

NAIZ|Donostia|18/10/2019
Erresidentzia_greba
Gipuzkoako Aldundiaren aurrean amaitu da azken greba eguneko manifestazioa.(ELA)

Gipuzkoako zahar egoitzetako eta eguneko zentroetako langileek 118. greba eguna dute gaur. ELAk iragarritako azken deialdiko azken eguna da honakoa. Irailaren 19an hasi zuten hilabete bateko grebaldia eta Donostian manifestazio bat egin dute, Gipuzkoan zehar eginiko mobilizazioei amaiera emateko.

Urriaren 7an martxa ezberdinak abiatu zitutzen herrialdean zehar; hamahiru udalerritan egin dituzte mobilizazioak (Beasain, Ordizia, Zumaia, Zarautz, Irun, Eskoriatza, Arrasate, Tolosa, Villabona, Errenteria, Elgoibar, Azkoitia eta Azpeitian) eta Donostiako amaiera ekitaldian ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak hartu du hitza. Ez dute baztertzen mobilizazio gehiago egitea –Lakuntzak berak astean zehar adierazi legez– baina, gaur gaurkoz, ez dute ezer zehaztu. 

Baieztatu duenez, Aldundiak «negozioa lehenesten» du eta gatazka bere horretan mantentzea leporatu dio. Lakuntzak gogora ekarri du ELAk Adegi eta Matia 2020 patronalekin akordia lortu zuela baina Aldundiak ez zuela bere gain hartu nahi izan, are gehiago, dokumentua faltsutu zuela: «Penagarria da baina Aldundiak akordioa blokeatu nahi du ez duelako zaintzaren eredua aldatu nahi, zaintza negozio bat bezala ikusten duelako». Era berean, gogoratu behar da ELA eta patronalen arteko akordioa mahai negoziatzailetik at egin zela; ELAk gehiengo ordezkaritza du sektorean.

Sektore feminizatua

Grebalarien arabera argi dago gatazka luzatzen ari dela sektore feminizatua izateagatik. «Gaur egun gizonezkoak lanean ari diren sektore pribatizatuekiko %30eko soldata arrakala pairatzen dute, 6.000 euro gutxiago urtean, emakume izate soilagatik. Non dago martxoaren 8ko Aldundiaren mezu feminista? Guk ez dugu inondik ikusten», galdegin du Lakuntzak Aldundiaren egoitzaren parean.

Gipuzkoako zahar egoitzetako eta eguneko zentroetako 5.000 langileren lan-baldintzak arautzeko negoziazioaren defentsan ari dira borrokan. 2017an ekin zitzaion negoziazioari, orain dela bi urte; gaur egun, oraindik ere, egoera «hankaz gora» dagoelakoan da ELA. «Lehendakariak dio guk ez daukagula negoziatzeko borondaterik. Gure borondatea ikusi nahi badu galdetu diezaiola Maite Peñari ea zer egiten den gurean patronal eta sindikatuen arteko akordioekin. Ukatu eta faltsifikatu!», salatu du Lakuntzak.