NAIZ
DONOSTIA

Street art-a eta bizikleta uztartuz abiatu dute Nomadak egitasmoa

Proiektua erresidentzia artistiko nomada da eta bizikletaz egingo dute Bergara eta Lizarra batzen zituen Vasco Navarro trenaren bidea. Bisitatuko dituzten herrietan aztarna artistikoa utziko dute; hala, ekintza guztiak espazio publiko eta irekian egingo dira. Kultur ACT elkarte artistiko eta kulturalak antolatuta, iraganaren eta etorkizunaren arteko lokarria da.

Proiektu artistikoa nomada da, eta hala, herriz herri ibiliko da. (Jagoba MANTEROLA I FOKU)
Proiektu artistikoa nomada da, eta hala, herriz herri ibiliko da. (Jagoba MANTEROLA I FOKU)

Abiatu dira Euskal Herritik jira eta bira arituko den Nomadak-‘El trenico’ egitasmoa eta bertan parte hartuko duten artistak. Sorkuntza eta kultur kudeaketaren bitartez, «memoria berreskuratzeko xedea dauka proiektuak, Vasco Navarro delako trenbideen historia orainarekin elkartzekoa, Bide Berdearen bidez», nabarmendu du Iñaki Landa proiektuko koordinatzaileak.

Horretarako, historia eta gaurkotasuna lotuko dira, hainbat eremutako proposamen artistiko –indibidual zein kolektiboen– arteko lankidetzaren eta hibridazioaren bidez. Antzinako burdinbideak eta egungo bidegorriak: Euskal Herriko kultura-ondareari balioa emanez, Euskal Herria bera zeharkatzen.

Ekintza artistikotik abiatuta, gizartearekin harremanak edukitzeko formula berriak eratu nahi dituzte. Horretarako tresnak izango dira artistak eta beren lanak. «Egoitza artistikoko proiektua da, bizikletan eta bidean eratzen dena. Nomada izango da; Azpeitiko Dinamon aurkeztu, Burdinbidearen Euskal Museoan hasi, eta Iruñean amaituko dena, dozenaka udalerritatik igaro eta horietako batzuetan artistikoki esku hartu eta gero», zehaztu dute antolatzaileek. «Street art-a adierazpenen bidez burdinbidearen bestelako historia bat kontatu nahi dugu, gaurkotua, eguneratua, garaikidea», erantsi dute.

Herrialde ezberdinetako zazpi artistek hartuko dute parte erresidentzia artistiko nomada honetan. Jens Besser alemaniarra, Veronica Serón ‘Bronik’ peruarra, Belen Robeda, Tomas Facio eta Esteban Loeschbor argentinarrak, Yone Estivariz gasteiztarra eta Elisa Battiston italiarra dira aukeratutakoa artistak. Hauek denak Euskal Herriko zenbait artistekin arituko dira lanean, tartean Irantzu Lekue arabarra edo Sor2 bergararrarekin.

Ibilbidea Azpeitiatik abiatu da, eta ondoren beste hainbat herri bisitatuko dituzte: Bergara, Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza, Gasteiz, Landa, Maeztu, Kanpezu, Lizarra eta azkenik Iruñea. Bertan amaituko da datorren azaroaren 21ean.