Nagore BELASTEGI
Donostia

Euskal diseinuaren historia eraikitzen hasteko erakusketa zabaldu dute Tabakaleran

Euska sukaldaritza, euskal artea, euskal zinema baditugu, zergatik ez dugu euskal diseinu bat? Hori aldatzeko helburua du Guillermo Zuaznabar komisarioak osatutako ‘Orain diseinua! Euskadi eta industria’ deituriko erakusketak. Bertan, Euskal Herriko identitatearekin lotzen diren formak identifikatzen dira.

Hainbat alorretako diseinuak daude ikusgai Tabakaleran. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Hainbat alorretako diseinuak daude ikusgai Tabakaleran. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

‘Orain diseinua! Euskadi eta industria’ deituriko erakusketa aurteztu dute gaur Tabakalerako lehen pisuan, Mugak EAEko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren baitan antolatutakoa. Guillermo Zuaznabar da honen komisarioa, zeinek uste duen euskal diseinua ez dugula definiturik, eta merezi duen garrantzia ere ematen ez diotela enpresek, hori ere industriaren parte bat delako.

Sei hilabete eman ditu otsailaren 9ra arte zabalik izango den erakusketa prestatzen, ia erreferentziarik gabe, euskal diseinuaren inguruan lau argitalpen eta duela 20 urte antolatu zen erakusketa bat besterik ez daudelako.

Bilduma hiru ataletan banatu du. Lehenengoan euskal diseinuaren pertsonaiak eta objektuak aurkezten dira ikuspuntu historikoa emanez. Bigarrenean Euskal Herriari lotutako forma estetikoak lantzen dira. Hirugarrenean, berriz, gaur egungo produktuak aipatzen dira.

Komisarioaren esanetan, «erakusketa hau beharrezkoa zen» Europako beste herrialde batzuek –Suitza, Finlandia edo Katalunia, esate baterako– badutelako euren diseinu propio eta adierazgarria, baina guk oraindik ez, eta diseinuaren bitartez ere gizartea eta kultura antolatu daiteke eta identitate duin bat sortu».

Zuaznabarrentzat euskal diseinua osatzen duten formek industriari ekarpen ekonomikoa egin diezaioke «Euskal Herria Europako beste herrialdeen maila berean jarriz», produktu gero eta hobeak egiteaz aparte, ikur bilakatu daiteken diseinu bat baliatuz.

Izan ere, Ekonomia Garapeneko EAEko sailburua den Arantxa Tapia ere aurkezpenean izan da eta azpimarratu du diseinua ez dela estetikoa soilik, funtzionaltasuna aplikatzen duen zerbait ere bai. «Diseinuak zerbait erabilgarri egiten du, eta ahal bada polita», esan du.

Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusiak hitz hartu duenean esan du «gure gizartearen erdiginean industria lehiakor bat» dagoela eta horren baitan industrian garrantzia duela.

Aurkezpena amaitzear zegoela, Zuaznabarrek Tapia eta Olanori opari bat egin nahi izan die: El Casco enpresa eibartarraren M5 grapagailu bat, erakusketaren ikurra dena. «Mahai gainean izan dezazuen, kanpoan erakusteko zer egiteko gai garen. 100 urte dituen diseinu bat da, eta oraindik ere garaikidea izaten jarraitzen du», amaitu du.