naiz
Atarrabia

Hatortxu Rockek sarrera guztiak agortu egin direla jakinarazi du

Hatortxu Rockeko antolakuntzak jakinarazi duenez, abenduaren 28an Atarrabian egingo den 23. edizioko sarrera guztiak agortu egin dira. NAIZ eta GARAko harpidedunek gonbidapena lortzeko aukera izanen dute.

Gatibu izanen da Hatortxu Rockeko oholtzan ikusi ahal izango den taldeetako bat. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Gatibu izanen da Hatortxu Rockeko oholtzan ikusi ahal izango den taldeetako bat. (Aritz LOIOLA/FOKU)

«Gure aurreikuspen guztiak gainditu dituzue! Mila esker!», adierazi du antolakuntzak sare sozialen bitartez. Urriaren hasieran jarri zituzten salgai Hatortxu Rocken 23. edizioko sarrerak, eta 20 egunetan agortu egin dira.

Oi! The Arrase, Huntza, Iheskide, Gatibu, Su Ta Gar, Los Zopilotes Txirriaos, Skabidean & The Black Birds, Rotten XIII, Tremenda Jauría, ETS, Suaia eta Ama Rebel, Bad Sound System, Onki Xin, Koban, Nogen, Xabi Bandini, Nerabe eta DJ Reimy igoko dira aurten oholtzara.

«Ohi baino espazio handiagoa inoiz baino lehenago bete duzue. Elkartasunez bete. Maitasunez bete. Maitasunaren apologia erraldoia izango da abenduaren 28a», gehitu dute antolakuntzatik. Izan ere, aurreko urteetako arrakasta ikusita, antolakuntzak bigarren gune bat egokituko du eta bertan hirugarren eszenatoki bat ere izanen da.

Hala ere, inoiz baino lehenago agortu egin dira sarrerak. «Maitasunaren apologia erraldoia izango da abenduaren 28an biziko duguna», nabarmendu du euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko jaialdiak.

Harpidedunek, aukera

NAIZek eta Hatortxu Rocken arteko akordioari esker, 2019ko urriaren 22a baino lehen NAIZ edo GARAko harpidetza egina duzuenok gonbidapena jasotzeko aukera izanen duzue elkartasun jaialdirako. Sarrera eskuratzeko jarraibideak azaroaren 12an jasoko dituzue harpidetza egiterakoan emandako helbide elektronikoan.