Maddi Txintxurreta
Durango

Mugimendu Feministaren erraiak eta etorkizuneko erronkak

Euskal Herriko Mugimendu Feministaren erradiografia egiten hasi dute Durangon Jardunaldi Feministen azken eguna. Egun Mugimendu Feministak dituen beldur, indargune eta erronkak analizatu dituzte ‘Mugimendu Feministaren erraiei begira’ mahai-inguru zentralean.

Jardunaldien azkenengo eguna Mugimendu Feministaren erradiografia egiteko probestu dute (Endika PORTILLO/FOKU)
Jardunaldien azkenengo eguna Mugimendu Feministaren erradiografia egiteko probestu dute (Endika PORTILLO/FOKU)

Herrietako talde feministetan egindako parte-hartze prozesu baten ondorioak agertuz hasi dute igande goizean Durangoko Jardunaldi Feministetako azkenengo mahai-inguru zentrala.

Hala, ondorioztatu dute talde feministak eta emakumeen taldeak «toki seguruak» direla, «arnasguneak», eta «era koletiboan eta elkar eraginez» sortzen dela Mugimendu Feminista Euskal Herrian.

Erronkak

Saretzea da feminismoaren erronka nagusietako bat, «komunitate feminista kohesionatu bat lortzea». Bestalde, aniztasunaren erronkari begira ere jarri dira, eta ezinbestekotzat jo dute «botere harremanak identifikatu, izendatu eta gatazkak kudeatzeko baliabideak sortzea».

«Agenda partekatu bat osatzeko beharra» nabarmendu dute orobat, et militantzia ereduari dagokionez, «militantzia feminista jarraia» aldarrikatu duten, denboran mantenduko dena eta ez soilik «egun puntualetakoa».

Aukerak

«Zilegitasuna daukagu, indarra daukagula ikusten da, belaunaldi asko bildtzen dituen mugimendua garelako eta azken urteetan gazte asko batu dira mugimendura», agertu dute. Horrekin batera, aniztasuna erronka izanagatik ere aukera gisa identifikatu dute.

Aliantzak

Aliantzak edo zubiak sortzea hiru egunotan argiki azaleratu den kezka bat izan da. Norekin eta nola sortu aliantzak? Herrietan egindako parte-hartze prozesutik ondorioztatu dute aliatuen artean egon behar dutela «emakume talde zein talde feminsta oro, LGTBIQ+ mugimendua, herri mugimendu eta mugimendu sozialak –betiere feministak, antiarrazistak eta antikapitalistak direnak».

Beldurrak eta indarguneak

Eta azkenik, Mugimendu Feministaren beldurrak eta indarguneak plazaratu dituzte. «Erradikaltasuna» galtzearen beldur dira, feminismoa «moda» soil bat izatera pasatzearen beldur. Mugimenduaren instituzionalizazioak ere arduratzen ditu, taldeak «osasuntsu» mantentzeak eta aniztasunaren «uneoroko kudeaketak».

Baina indarguneak ere ospatu dituzte: «Komunitate bat gara, autoestima iraultzailea daukagu, indarra eta ilusioa dugu, esperientzia eta erreferentzialtasuna lortu dugu, horizontaltasun handia lortu dugu eta mobilizatzeko gaitasun itzela daukagu».