Asier AIESTARAN

Behobia 2015eko kopuruetara hurbilduko da urteurrenean

Guztira 33.379 korrikalarik eman dute izena lasterketan, eta lehen aldiz emakumezkoen kopuruak %25a gainditu du. Eliteko neskek irteera propioa izango dute eta Haile Gbrselassie atleta ohia izango da gonbidatu berezia.

Behobia Donostia lasterketaren aurkezpena Donostian (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Behobia Donostia lasterketaren aurkezpena Donostian (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Behobia Donostia lasterketak ehun urte beteko ditu aurten, eta igandeko probak ohore egin nahi dio urtebetze horri. Fortunako antolatzaileek aurkezpen ekitaldian jakinarazi dutenez, aurtengoan 33.379 korrikalarik eman dute izena eta emakumezkoen partaidetza bultzatzeko abian den kanpainaren barruan –2025erako erdi eta erdi izatea jarri zuten erronka moduan– nabarmendu dute lehen aldiz korrikalarien %25a baino gehiago izango direla emakumeak (8.604).

Parte hartzaile kopurua oso aintzat hartzekoa da, azken urteetan zertxobait behera egin ostean, 2015eko 34.000 korrikalariko marka horretara asko hurbildu delako berriz ere. Eta emakumezkoen ikusgarritasuna bultzatzeko helburuarekin beste berrikuntza bat ere ipiniko dute martxan igandean: eliteko emakumeek irteera propioa izango dute (10.10ean), gizonezkoen irteera nagusia (10.15) baino bost minutu lehenago.

Mendeurrena ospatzeko balioko duen beste elementu bat Haile Gebrselassie atleta ohi famatuaren bisita izango da. Etiopiarra, 10.000 metroko proban inoiz izan den atletarik onena ziur aski –urrezko bi domina irabazi zituen Olinpiar Jokoetan eta beste lau Munduko Txapelketetan–, ostiralean iritsiko da Euskal Herrira eta zuzenean Irungo Ficoban hitzaldi bat ematera joango da, korrikalariaren azoka bertan ipiniko dutela baliatuz. Larunbat goizean entrenamendu ireki bat zuzenduko du, eta igandean lasterketa korriktzeko dortsal bat gorde omen dio antolakuntzak, nahiz eta afrikarrak oraindik ez duen baieztatu irtengo den ala ez.

Ezin da ahaztu, aurtengo lasterketak espainiar Estatuko hauteskundeekin bat egiten duela, eta aurreko egunetan jakinarazi zen moduan, horrek zertxobait baldintzatuko du proba: Behobia Gaztea ez da ospatuko eta ibilbideko bost puntutan desbideraketak egon daitezke.

Iñigo Etxeberria koordinatzaileak azaldu duenez, hauteskunde eguna izateak «buruhauste dezente sortu dizkigu, batez ere lanak atzeratu dizkigu eta beste kontu batzuetan erabili beharreko denbora kendu digu». Hala ere, parte hartzeari dagokionez ez du eragin kaltegarririk izan antza denez.

Urtero legez, lasterketak larunbat arratsaldean hasiko dira Miniestadioan egiten den Behobia Txikiarekin. 15.00etan hasiko dira eta 2.500 haurrek hartuko dute parte.