NAIZ
Iruñea

Nafarroako suhiltzaileen EPEan onartutako 7 postuak ez dira nahikoa, ELAren arabera

Suhiltzaileen zerbitzuaren kalitate ona bermatzeko, 400 langiletik gorako taldea beharrezkoa zela ondorioztatu zuen azterlan batek. Hala, aurtengo lan eskaintza publikoan onartu diren 7 lanpostuek ez dute zerbitzua guztiz betetzen ELArentzat. Nafarroako Gobernuko sailburu Remirezek adierazi zuenez, 353 lanpostu eraginkor daude.

Nafarroako suhiltzaileen protesta bat Iruñean, 2014. urtean. (Idoia ZABALETA / FOKU)
Nafarroako suhiltzaileen protesta bat Iruñean, 2014. urtean. (Idoia ZABALETA / FOKU)

Nafarroako suhiltzaileen 2019. urteko lan eskaintza publikoan zazpi lanpostu onartu dituztela-eta, kexu agertu da ELA. Bere iritziz, eskainitako zazpi plaza hauek ez baitira nahikoa zerbitzua guztiz bermatzeko.

Nafarroako Gobernuko sailburu Remirezek ziurtatu zuenez, suhiltzaileek betetzen dituzten 361 plazetatik 353 eraginkorrak dira, eta, gainera, 47 kabo bigarren jarduerara pasa litezke.

Honen aurrean ELAk erantzun du duela urte batzuk eginiko azterlan batek ondorioztatu zuela 400 suhiltzaileko lantalde bat beharrezkoa dela suhiltzaileen parkeak bete eta zerbitzu ona bermatzeko. Gainera, gogorarazi duenez, azterlan honen ondoren sortu zen Erreskate Teknikoko Taldea eta, hau betetzeko, «gutxienez 11 agente gehiago behar izan ziren». 

Ohartarazi du lan taldea zaharkitua dagoela eta bigarren jarduerara igarotzea eskatzen duten langileak daudela. Bestalde, anbulantzia medikalizatuetan ere zerbitzua ematen duten suhiltzaileak badaudela ere jakinarazi du.

Txosten berri bat

Hortaz, hau guztia kontuan izanda, ELArentzat ez dira nahikoa aurtengo ekitaldian eskainitako zazpi lanpostuak. «ELAk denbora darama eskatzen egiten ari diren egiturazko orduekin amaitzeko, baita parkeak minimoen azpitik inolaz ere ez geratzea bermatzeko ere».

Horregatik, Remirez sailburuari eskatzen dio azterlan bat egin dezala azken urteetan egindako egiturazko orduei buruz, parkeak gutxienekoen azpitik egon diren egunei buruz, datozen urteetan bigarren jarduerara igaroko diren suhiltzaileei buruz eta egingo diren erretiroei buruz. 

Hori egin eta datuak eskuartean izatean, zerbitzua behar bezala betetzeko behar diren plaza guztiak Enplegu Publikoaren Eskaintzara ateratzeko eskatzen du.