NAIZ

«Bannister: Everest On the Track» filmak irabazi du FICA jaialdia

Tom Ratcliffe eta Jeremy Mosher zuzendarien dokumentalak eraman du aurtengo urrezko Aquiles saria. «El Gran Salto» bigarren geratu da eta «8`56, Yago Lamela» hirugarren.

Saridunak ezagutarazteko eman duten prentsaurrekoa (FICA)
Saridunak ezagutarazteko eman duten prentsaurrekoa (FICA)

Tom Ratclifferen eta Jeremy Mosherren "Bannister: Everest On the Track" filmak irabazi du FICA Atletismoari buruzko zinema jaialdiko lehenengo saria: urrezko Aquiles saria eta 1.500 euro, zehatz esanda. Dokumentalak, batetik, azterketa historiko bat egiten du Britainia Handiak Bigarren Mundu Gerraren traumak desagerrarazteko duen behar psikologikoari buruz; eta, bestetik, ikuspegi berri bat eskaintzen du lehenengoz milia 4 minutu baino gutxiagoan egiteko egindako bideari buruz. Erronka hori fisikoki ezinezkotzat jotzen zen bere garaian.

Bigarren saria, zilarrezko Aquiles saria eta 1.000 euro, Jorge Porras zuzendariaren "El Gran Salto" filmari egokitu zaio; eta hirugarrena, brontzezko Aquiles saria eta 500 euro, "8’56, Yago Lamela" dokumentalari, Michael Robinsonek eta Luis Fermosok zuzendutakoa eta Movistarrek ekoitzia.

Bárbara Destefanis programazio arduradunak gaur goizeko prentsaurrekoan nabarmendu duenez, FICAk 50 ekoizpen baino gehiago jaso ditu aurten, eta haietatik 15 film hautatu dira. Azpimarratu duenez, oso zaila dela atletismoarekin zerikusia duten hainbeste ekoizpen kudeatzea, baina «ekoizpenen kalitatea eta erakusten duten etika baloratu ditugu film labur edo luze gisa aurkeztu diren dokumental, fikzio eta animazioak hautatzeko orduan».

Sandra Myers atleta ohi eta epaimahaiko presidenteak ere bigarren edizio honetan parte hartu duten filmen maila eta kalitatea azpimarratu ditu.

Zentzu horretan, aipagarria da epaimahaiaren Word of Olympians sari berezia "Wings of an Eagle: Billy Mills" filmak eraman duela, Ryan Murdock zuzendariarena.