Haritz Larrañaga

Ibon Fernandezen zigorra etetearen alde agertu da Auzitegia

Parisko Zigor Apliakzioen Auzitegiak Ibon Fernandez Iradi presoaren zigor etete eskaera onartu du. Ordea, Fiskaltzak helegitea jarri du eta azken epaia bi hilabete barru emango du Parisko Dei Auzitegiak. Epaileak esklerosi anizkoitza duen Lasarte-Oriako presoaren gaixotasuna eta espetxea ez direla bateragarriak onartu du.

Ibon Fernandezen askatasuna eskatzeko urriaren 30ean Lasarten egin zen elkarretaratzea. Andoni CANELLADA / FOKU
Ibon Fernandezen askatasuna eskatzeko urriaren 30ean Lasarten egin zen elkarretaratzea. Andoni CANELLADA / FOKU

Urriaren 30ean erabaki behar zuen Zigor Aplikazioen Auzitegiko epaileak Ibon Fernandezen zigor etete eskaera onartzen zuen, baina horren ordez, epaia gaur arte atzeratzea erabaki zuen. Epaileak defentsaren eskakizunekin bat egin du eta Fernandezen gaixotasuna artatzeko sendagileen txostenak proposatzen zituen neurriak espetxean bermatzea ezinezkoa dela onartu du. Horrez gain, egungo testuingurua kontuan hartuta, Fernandez kaleratuz gero, arriskurik ez lukeela suposatuko ere berretsi du epaileak.

Epaia eman bezain laster helegitea jarri du prokuradoreak, beraz, orain Dei Auzitegiari dagokio bi hilabeteko epean azken epaia kaleratzea. Horren aurrean, Maritxu Paulus-Basurko abokatuak «kezka handia» agertu du, bere esanetan, Dei Auzitegiak «beti uko egiten baitio» euskal presoen kaleratze eskaerei.

Epaitegietako ibilbide amaigabea

Egun Lannemezango espetxean dagoen Lasarteko presoak 16 urte darama giltzapean, eta  2012. urtean esklerosi anizkoitza diagnostikatu ziotenetik hasi zen zigor etete eskaerak egiten. Gaixotasun larriak dituzten presoen kasuan epaileak zigor etetea baimendu dezake, hortaz, epaileak erabaki behar du presoaren gaixotasuna espetxean egotearekin bateragarria den.

Parisko Auzitegiak hautatutako lehen bi sendagileek helarazi zioten epaileari Ibon Fernandezen eritasuna eta espetxea bateragarriak ez zirela esaten zuen txostena, baina epaileak hirugarren txosten bat eskatu zuen. Beste bi sendagilek osatu zuten txostenak fiskaltzaren argudioekin bat egiten zuen, eta, 2015eko maiatzean, Fernandezen gaixotasunari aurre egiteko bitartekoak espetxean bermatzen zirela ebatsi zuen epaileak. Horren aurrean, Fernandezen abokatuek helegitea jarri zuten eta prozedura berri bat hasi zen, Kasazio Gorteak 2015eko maiatzeko epaiaren erabakia baliogabetu baitzuen.

Duela lau urte epaile berriekin abiatu zuten prozeduraren azken emaitza izan da gaurkoa. Izan ere, 2016ko azaroaren 24ean Zigor Aplikazioen Auzitegiak Fernandezen zigor etetea aztertu ostean, zigor etete eskaera ezeztatzen zuela jakin arazi zuen. Erabaki horren aurrean berriz helegitea jarri zuen defentsak, eta azken erabakia gaur arte luzatu da.

Zerrenda beltza

Egun 21 euskal presok osatzen dute gaixo larrien zerrenda beltza. Berriki zerrenda horretan zeuden hiru presok galdu dute bizia. Urriaren 29an Jose Angel Ochoa de Eribe zendu zen, eta urtarrilean Oier Gomez eta Juan Mari Maizkurrena itzali ziren. Guztiak, gaixotasuna artatzeko kalera atera eta oso hilabete gutxira hil dira