Nagore BELASTEGI
Donostia

Aitor Ortiz argazkilariak Gaudiren formei begirada intimoa zuzendu die erakusketa batean

Aitor Ortiz argazkilariak Antoni Gaudiren lanaren berrinterpretazioa egin du formatu txikiko argazkietan, eta Frederic Mompou konposatzailearen musika oinarrituz osatu dute ‘Gaudi. Inpresio intimoak’ erakusketa. Belaunaldiak gainditzen dituen hiru artisten batuketa da Tabakalerako Artegunea aretoan kokatu dutena.

Javier Gonzalez de Durana komisarioa, Aitor Ortiz argazkilaria, Ana Abalde Kutxa aretoen zuzendaria, eta Ander Aizpurua Kutxako zuzendari nagusia. (Andoni CANELLADA / FOKU)
Javier Gonzalez de Durana komisarioa, Aitor Ortiz argazkilaria, Ana Abalde Kutxa aretoen zuzendaria, eta Ander Aizpurua Kutxako zuzendari nagusia. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Antoni Gaudi eskultore katalanaren lanari begirada intimoago bat eskaintzea izan da Aitor Ortiz argazkilari bilbotarraren helburua ‘Gaudi. Inpresio intimoak’ izena daraman erakusketan. Aurkezpenean kontatu duenez, Gaudiri ez zitzaion bidaiatzea gustatzen baina liburutegian denbora pasatzea asko gustatzen zitzaion. Bertan argazkilaritza liburuak aztertzen zituen, eta XIX. mende hasieran arte horren gorakada izan zenez, bere eskura iristen hasi ziren mundu osoan zehar ateratako irudiak. Horiek izan ziren gerora bere arkitekturan eragina izan zutenak, ekialdeko kulturetaz busti baitzen.

«Bitxia da argazkilaritza bere lanaren sorburua izatea, eta era berean bere lana zapuzten ari dena», aipatu du argazkilariak. Izan ere, Gaudiren lanak askotan agertzen dira argazkietan, turisten eta milaka argitalpenen biktimak izan dira, eta horrek interpretazio berbera behin eta berriro egitea dakar. Gaudiren obraren ideia bat dago gizartean, eta horrek beste xehetasun guztiak ezkutatzen ditu. Hori dela eta, beste begirada bat eskaini nahi izan dio argazkilariak.

«Lana 2013an hasi nuen argitalpen frantses baten enkarguz. Azkenean ez zen argitalpena atera, baina nik lanean jarraitu nuen orain arte, etengabe», kontatu du. Erakusketarekin batera liburu bat egin dute Ortiz eta Santo Bregaña diseinatzailearen arteko solasaldi batetik aterata, Oskar Alegriaren testuekin. Azaroaren 21ean aurkeztuko dute.

Tabakaleran dagoen Kutxa Kultur Artegunea aretoan kokatu duten erakusketari dagokionez, nola antolatu duten garrantzitsua da. Formatu txikiko 120 irudi dira, klasiko itxura dutenak baina teknika modernoekin inprimatutakoak. Txuri-beltza aukeratu du Ortizek Gaudiren topikoetatik ihes egiteko eta xehetasunetan begia finkatzeko. Era berean, desenfokeak ere erabili ditu noizean behin oso ezagunak diren eraikinen txokoak desberdinak diren itxura emateko, forman baino esentzian begia jartzeko.

Arkitektoaren lan guztia maila berean jarri nahi izan du eta irudietan espazio handiak ikus ditzakegu, baina baita eraikin bateko txoko txiki batean dagoen objektu txiki bat edo maketa baten zati bat. Ortizentzat guztiak beharrezkoak dira Gaudiren inguruko pentsamolde berri bat eraikitzeko, bere lana hobeto ulertzeko gakoa.

Frederic Mompou konposatzailearen musikak ere badu zerikusia erakusketan. Javier Gonzalez de Durana komisarioak azaldu duenez, Mompou «musika isilaren eta grabitaterik gabeko melodien musikaria da, non isiltasunak notek bezainbesteko garrantzia duten». Hori oinarri hartuta, erakusketa aretoa pentagrama moduan pentsatu dute. Solairu bakoitzean bost erakustoki lerrokatu dituzte, airean zintzilik, eta argazkien  artean hutsuneak utzi dituzte. Mompouren isiluneek aurreko notaren bibrazioak entzuten jarraitzeko balio bazuten, erakusketan pareta zuriek aurreko irudiari buruz pentsatzeko balio dute.