NAIZ
DONOSTIA

Erraustegiaren kutsaduren kontrol independentea martxan jartzeko behar zen dirua lortu dute

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduko kideek lortu dute erraustegiaren kutsaduren kontrol independentea martxan jartzeko behar zen dirua biltzea. «Mila esker Erraustegiaren kutsaduren kontrol independentea abiatzen lagundu duzuen guztioi», adierazi dute.

Zubietako erraustegia, obratan (Gorka RUBIO/FOKU)
Zubietako erraustegia, obratan (Gorka RUBIO/FOKU)

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduko kideek «poz handiz» jakinarazi dute lortu dutela biltzea erraustegiaren kutsaduren kontrol independentea martxan jartzeko behar zen dirua. «Gure esker ona zuei, zuen diru-laguntzarekin bilketan parte hartu duzuen herritarroi, eta baita beren laguntza eman duten udal, alderdi, sindikatu eta beste elkarteei», adierazi dute.

«Batuta Verkami gunean egindako crowdfundingaren emaitza eta beste moduetan dirua aurreratu duzuen guztiona, azaroaren 9an –EAMen azken batzarraren egunean– denetara kopuru hau daukagu jasota: 26.384 euro. Gipuzkoako herritarren bultzada honek indar berriak ematen dizkigu Errausketaren Aurkako Mugimenduan ari garenoi lanean aurrera egiteko», gaineratu dute.

Adierazi dutenez, Zubieta Lantzenek abiatutako ikerlana ordaindu ahal izateko «gure buruei markatutako kopuruak gainditu ditugu». «Egia da ere, ikerketak aurrera egin ahala gastu berriak sortu direla. Esate baterako, ikerlariek iradoki zuten erraustegiaren inguruko emakumeen bularreko esnearen jarraipena egitearen interesa eta horri erantzunez Usurbil, Lasarte-Oria eta Andoaingo 39 emakumek eskuzabaltasunez eskaini dituzte beren laginak. Lan horiek osatzen duten fasean sortutako gastuak ordaintzeko erabiliko da bildutako dirua eta geratzen dena hurrengo faseetarako gordeko da», azaldu dute.

«Gogoan hartu: hau kontrolaren abiapuntua besterik ez da, orain ikerlariak egiten ari direna da ‘zero puntua’ markatzea, erraustegiak martxan jarritakoan –baldin eta jartzen badute- sortuko duen egoera berriarekin konparatzeko. Beraz, benetako informazioa etorkizuneko kontrolek markatuko dute», ohartarazi dute.