Amalur ARTOLA

Otsailaren 15an Euskal Errepublika ospatzera batzeko deia egin du Ehun ekimen herritarrak

Euskal Errepublikaren aitorpena, etortzekotan, euskal herritarren eskutik etorriko da. Abiapuntu horri helduta sortu da Ehun ekimena, otsailaren 15ean Euskal Errepublikaren Eguna ospatzeko deia egin duen herritar sarea. Dagoeneko 22 herri eta auzo batu dira ekimenera, «eta ziur gaude gehiago izango garela».

Ehun ekimenaren aurkezpena gaur Donostian. (Jon URBE/FOKU)
Ehun ekimenaren aurkezpena gaur Donostian. (Jon URBE/FOKU)

Donostiako Doka antzokian aurkeztu dute Ehun plataforma, otsailaren 15ean Euskal Errepublikaren Eguna ospatzeko deia luzatu duen ekimen herritarra. Donostiako Antigua auzoan abiatu zen proiektua orain hiru urte, herritar talde batek Euskal Errepublikaren aitortza, etortzekotan, euskal herritarrek sustatuta eta euren indarrak metatuta etorriko dela sinetsita, eta dagoeneko Lapurdi, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaiko 22 herri eta auzo batu dira ekimenera.

«Herri diferente asko gaude, interneteko foro edo asanblea moduko bat badaukagu eta hor ikusten da iritzi ezberdin asko daudela gure artean, baina badaude partekatzen ditugun zenbait puntu», azaldu du Unai Apaolaza, ekimenaren sustatzaileetariko batek. Hasteko, argi dute prozesu independentista baten erdigunean herritarrek egon behar dutela, teorian zein praktikan: «Euskal Errepublika modu abstraktuan planteatu beharrean aurpegia jarri behar zaio, eta, subirautza bada gakoa, subirautza hori praktikan jarri edo egikaritzera pasa behar gara».

Ehun ekimena osatzen duten herritarrak ziur daude euren ardurakoak diren gaiek –besteren artean etxebizitza eskubidea, euskararen normalizazioa, pentsio duinak, dispertsioa edota emakumeen aurkako indarkeria aipatzen dituzte aurkezpen agirian– erantzun integral bat behar dutela eta erantzun hori ez dela etorriko estatu propiorik eratu ezean. «Estatu espainiar eta frantziarren pean arazo guzti horiek ez dute irtenbiderik izango, uste dugu hori ere ulertzen hasi beharko ginatekela: ez dute sekula autodeterminazio eskubidea onartuko eta, beraz, beste bide batzuk irekitzen hasi beharko dugu, behetik hasita, egunerokoan eragiten diguten gaien inguruan pedadogia independentista praktikan jarriz eta talka leku egokietan topatuz», ziurtatu du Apaolazak.

Autonomia eta batasuna

Otsailaren 15a festa eguna izango dela ziur daude, baina ospakizun horiek nola egikaritu herri edo auzo bakoitzaren esku dago. «Ez dakigu zer arraio aterako den, baina zerbait polita izango dela seguru gaude, auzo bakoitzak bere ekimena eginaz baina aldi berean batasun bat irudikatuz. Horrek sinbolikoki badu bere indarra», iritzi du Apaolazak.

Proiektuaren atzean dagoen –eta aurrerantzean egongo den– lana ere nabarmendu du. Azaldu duenez, hiru urte daramatzate autoa hartu eta herriz-herri euskal geografia zeharkatzen, herritar taldeekin bildurak eginez, hausnartuz, ideiak batuz eta eztabaidatuz. Alderdi politikoekin ere bilera informatiboak egin dituzte: «Inolako laguntzarik gabe aritu gara, hala aritu nahi izan dugulako. Alderdiekin egin ditugun bilerak zer egiten ari ginen informatzeko soilik izan dira», argitu du. Era berean, nabarmendu nahi izan du ez datozela «inoren esparrua» betetzera: «Guk ikusten genuen esparru bat hutsik zegoela, eta esparru horretan sartu gara, zerbait egin behar zela ikusten genuelako».

Euskal Errepublikaren Egunaren ospakizunetik haratago ere ekimenak etorkizuna izango duela baieztatu du. «Hainbat herri eta auzo saretzera iritsi baikaitezke eta sare hori usteltzen uztea pena litzateke. Beste urrats batzuk baditugu buruan, baina horiek batzar handi baten bidez, ideia berriak batuz eta eztabaidatuz egingo litzateke. Sare potente horri probetxua atera behar zaio», ziurtatu du.

Momentuz, begia otsailaren 15ean dute jarria eta, sarea ehunen hasteko, dei egin diete ekimenera batu nahi duten herri, auzo eta herritarrei eurekin harremanetan jartzera (ehunehuntzen@gmail.com), «independentismoaren karril zentrala hau baita».