NAIZ
USURBIL

‘Loreen abstrakzioa’ arte interbentzioa aurkeztu du Irantzu Lekuek Usurbilen

Usurbilgo erdigunea herriak historian zehar bizitakoa azaltzen duten eskultura eta muralez gainezka dago. Orain, Irantzu Lekue artista garaikide eta horma irudigile arabarrarena aurkeztu dute, ‘Loreen abstrakzioa’ deiturikoa. Artea kalean da Usurbilen eta hamaika dira artelanak dituzten kale, plaza edo jolaslekuak.

Irantzu Lekue artista gazteiztarra eta Usurbilgo alkate Agurtzane Solabarrieta, margolanaren ondoan.
Irantzu Lekue artista gazteiztarra eta Usurbilgo alkate Agurtzane Solabarrieta, margolanaren ondoan.

Irantzu Lekue artistak ‘Loreen abstrakzioa’ interbentzioa aurkeztu du Usurbilen. Gipuzkoako herri honetan euskal artistek euren lanak erakusteko martxan jarri duten egitasmoan kokatzen da Lekueren interbentzioa. Besteak beste, Jose Luis Zumeta, Remigio Mendiburu, Alejandro Tapia edo Iñaki Olazabal artisten lanak daude ikusgai eta orain, Irantzu Lekuerena gehitu zaie. Ez da bakarra izango: laister Judas Arrieta Hondarribiko artistak berea egingo du. 

Hainbat aste igaro ditu Lekuek Usurbilen lanean. «Guztira 120 metro karratu inguru margotu ditu», esan du Agurtzane Solaberrieta alkateak. Arte interbentzioa Kale Nagusia eta Askatasunaren Plazaren artean dagoen pasabidean burutu du.

Kolorea da orain nagusi duela gutxi arte iluna eta hotza zen pasabide honetan. «Lekua ikustera etorri nintzenean Jose Luis Zumetaren artelanari so geratu nintzen. Hiru txori eskultoriko ditu bertan eta artelan hauek elkarrekin bizi behar direlako, Jose Luisen kolore eta formak hartu ditut oinarri». «Bozetoekin hasi nintzen orduan eta perspektiba asko izango zituen artelana osatuko nuela erabaki nuen, besteak beste, eraikinak dituen desnibelekin jolastu ahal izateko», azaldu du artista gasteiztarrak.

«Lore baten barru aldea berrinterpretatu nahi izan dut. Eraikinaren baitan dagoen pasabide hotz eta iluna izanik natura ekarri nahi izan dut herriko kaskora. Horregatik aukeratu dut lore bat, makro moduan ikusiko duguna eta lorearekin, naturan dagoen bizitzan erreparatu dut», gaineratu du Lekuek.

«Sagrada Familian, Bartzelonan, egin zuten moduan, nik animaliak, intsektuak, txori horiek hazteko beharko zuten jana hortxe dagoela irudikatu nahi izan dut. Zementu hotz eta grisaren gainetik organikoa nabarmendu nahi izan dut», esan du.

Margolana abstraktua da. Interpretazioa beraz, libre da. «Bakoitzak modu ezberdinean ulertzen du eta interpretazioak ere oso ezberdinak eta oso anitzak izaten ari dira. Batzuei itsasoa etorri zaie burura, beste batzuei zerua, beste batzuei abiadura... Baina oso giro ona egon da eta bizilagunak oso pozik daude», nabarmendu du Agurtzane Solaberrieta alkateak.