Binakakoa are eta luzeagoa egingo dute play-off batekin

Ligaxkako bi lehen bikoteek finalerdietarako txartela eskuratuko dute eta hirugarrenetik seigarren postura geratzen direnek kanporaketa bat jokatuko dute elkarren artean.

Jon Ormazabal|19/11/2019
Binakakoa
Pilotari guztiak, Bilboko aurkezpen ekitaldian (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Binakakoa da enpresentzat etekin handiena ematen dien txapelketa eta arrakasta hori ahalik eta gehien luzatu nahi dute, jardunaldi bat gehiago sartuz. Aurreko urteetan ez bezala, ligaxkako lehen bi sailkatuek bakarrik lortuko dute, zuzenean, finalerdietarako txartela. Hirugarren postutik seigarrenera geratzen direnek, ordea, kanporaketa edo play off bat jokatu beharko dute, hirugarrenak seigarrenaren aurka eta laugarrenak bosgarrenaren aurka, partida batera, finalerdietan sartzeko.

Ofizialki ez bazen ere, bikoteen konposaketa aurretik ezaguna zenez, horixe izan da aurkezpeneko berritasunik handiena. Izenei dagokionean, Unai Laso eta Erik Jakarenak dira txapelketako aurpegi berriak, Mikel Urrutikoetxeak atzelari jokatzearekin batera. 2016an bezala, Zaratamokoak Aimar Olaizola izango du lagun eta orduko txapela errepikatzen saiatuko dira.

Beste aldean, bajarik nagusiena egungo binakako txapeldun den Danel Elezkanorena da. Iñaxio Errandonea Aspeko ordezkariak azaldu zuenez, «zorte handia dugu enpresan, maila handiko pilotariak ditugulako eta hartzen genuen erabakia hartzen genuela, bakarren batekin gaizki geratu behar genuen». Erabakia kirol ikuspegitik hartutakoa izan dela azaldu du eta txapela irabazteak ez duela ezer bermatzen.

Bikoteak honako hauek izango dira; Altuna-Ladis Galarza, Ezkurdia-Martija, Jaka-Zabaleta eta Irribarria-Rezusta Asperen aldetik eta Olaizola-Urrutikoetxea, Bengoetxea-Mariezkurrena, Laso-Albisu eta Artola-Imaz.

Promozioa ere bi itzulietara

Promozioko txapelketa ere arkeztu dute eta hemen ere berrikuntza txapelketaren luzera izango da, lehen ligaxka hemen ere bi itzulietara izango baita. Elordi-Etxebarria, Zabala-Ruiz, Egiguren-Erostarbe eta Salaberria-Garmendia dira Aspeko bikoteak eta Peña-Aranguren, Agirre-Eskiroz, Alberdi-Salaverri eta Arteaga-Urretabizkaia Bikorenak. Hemen ez da play-offik izango.

Sarrera «garestiegiak»

Igandean Nafarroa Arenan Lau eta Erdiko finalean saltzeke gertau ziren 500 sarreren inguruan ere galdetu zaie eta Errandoneak onartu du «sarrera horiek garestiegiak izan zitezkeela. Horren sarrera onak izanda, ia-ia kantxak ziren, espero genuen beste harrera bat izango zutela, baina jende askori, batez ere pilotarien jarraitzaileei, garestiegiak iruditu zitzaizkien». Hurrengo urteetarako erreflexio bat egingo dutela aurreratu du.