NAIZ

Larunbat honetan Bilbon ospatuko dira 2019ko Beldur Barik programaren topaketak

2019ko Beldur Barik Bilbon aurkeztu dute astearte honetan, gazteekin batera, indarkeria sexista prebenitzeko helburua duen urteroko programa. Hilaren 23an, Azkuna Zentroan, egingo den 2019ko Beldur Barik Topaketak amaiera emango dio urte osoan zehar gazteekin egindako lan guztiari.

2019ko Beldur Barik programa Bilbon aurkeztu dute. (@BeldurBarik)
2019ko Beldur Barik programa Bilbon aurkeztu dute. (@BeldurBarik)

Beldur Barik programa Emakundek bultzatzen du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien eta EUDEL-en babesarekin. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) eta EITBren laguntza du.

Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendariarekin batera egon dira prentsaurrekoan Teresa Laespada, Bizkaiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko Foru Diputatua; Nerea Melgosa, Arabako Foru Aldundiko Berdintasun eta Giza Eskubideen zuzendaria; Miren Elgarresta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun Zuzendaria; Josune Irabien, Amurrioko alkatea eta EUDELen ordezkaria; eta Bilboko Udaleko Berdintasun zinegotzia, Nekane Alonso.

Bertan iragarri dute 2019ko Beldur Barik Topaketa Bilbon egingo dela, azaroaren 23an, larunbatean. Topaketaren jaiak amaiera emango dio urte osoan zehar euskal geografia osoan gazteekin garatutako lanari.

Azkuna Zentroan egingo den topaketan, tailer eta ikuskizun ugari antolatu dira. Herrietatik gerturatzeko doako autobus zerbitzua erraztuko dela iragarri dute, hiru probintzietatik inolako arazorik gabe hurbildu eta bueltatu ahal izateko.

Era berean, aurten bere hamargarren edizioa beteko duen Beldur Barik Lehiaketaren sariak banatuko direla azaldu dute. Lehiaketa 12-26 urte bitarteko gazteei zuzentzen zaie. Sari-banaketan, «ezberdintasun egoerei aurre egiteko errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian, erantzunkidetasunean eta indarkeria sexistaren ukapen irmoan oinarritutako jarreren ikus-entzunezko adierazpenak» saritzen direla azaldu dute.

Edizio honetan 298 lan aurkeztu dira lehiaketara, 2.200 neska-mutil baino gehiago aritu dira sorkuntza lanetan. Lan horietako 12-13 urte bitarteko kategorian 45 lan aurkeztu dira; 189 lan 14 eta 18 urte bitarteako kategorian eta 64 lan 19 eta 26 urte bitartekoan.

Indarkeria sexistaren desberdintasun faktoreak

Aurkeztutako lanetan gazteek «indarkeria sexista eragin dezaketen desberdintasun faktorea geroz eta hobeto» identifikatzen dituztela eta hauei aurre egiteko jarrera agertzen dutela azpimarratu dute. Aurten aurkeztutako lanen artean nesken ahalduntzea, generoak markatutako rol eta estereotipoak eta emakumeen aurkako indarkeriaren aurreko erantzun kolektiboa izan dira gai nagusiak.

Beldur Barik bultzatzen duten erakunde guztiek nabarmendu dute gazteekin indarkeria sexistaren prebentzioa lantzearen garrantzia. Nahiz eta gazteengan indarkeriak eragin handia izaten jarraitu, geroz eta tresna gehiago dituzte erasoak identifikatu ahal izateko.

Horrela, Beldur Barik bezalako programek «gazteen jabekuntza eta indartze prozesuak errazten» dituztela adierazi dute, eta, gainera, «ezberdintasun eta indarkeria egoeren aurrean erantzuteko gaitasuna indartzen» dutela.

Era berean, «nesken ahalduntzea bultzatzen da eta era berean hausnarketa prozesu horiekin, mutilek egoera horietan duten protagonismoa eta ardura identifikatzen» dutela nabarmendu dute, jarrera matxista betikotzen duen korporatibismo maskulinoari aurre eginez, indarkeria eragiten duenaren gaineko interpelazioaren beharra identifikatuz eta konplizitate eza agertuz.

«Mutil bezala dituzten pribilegioen birplanteamendu bat egiten dute eta neskekin aliantzak sortzen dituzte benetako berdintasun bat lortu eta indarkeria matxista gainditzeko», nabarmendu dute.