NAIZ

Irizarren zero emisioko kamioi elektrikoak World Smart City saria irabazi du

«Irizar ie truck», Irizar Taldearen zero emisioko kamioi elektrikoa World Smart City sariaren irabazlea izan da Ideia Berritzailearen kategorian, hiri-zerbitzuetako ibilgailuen artean mugikortasun eskuragarria, moldakorra eta eraginkortasun energetiko handikoa izateagatik.

«Irizar ie truck» zero emisioko kamioi elektrikoa. (Irizar)
«Irizar ie truck» zero emisioko kamioi elektrikoa. (Irizar)

Ospatu berri den 2019ko Smart City Expo World Congress delakoan ‘Irizar ie truck’ zero emisioko kamioi elektrikoak World Smart City saria eskuratu du «Ideia Berritzailea» atalean. Hiri-zerbitzuetako ibilgailuen artean, duen mugikortasun eskuragarria eta moldakortasuna baloratu dituzte, baita eraginkortasun energetiko handikoa izatea ere.

Saria FCC Medio Ambiente enpresak jaso du, hura izan baita proiektua aurkeztu duena. Gogoratu dutenez, %100 elektrikoa den kamioia Irizar Taldeak eta FCC Medio Ambientek gidatutako partzuergo batek garatu du.

Azaldutakoaren arabera, trakzio iraunkorreko kamioia da, «entxufagarria potentzia handiko bateriekin» eta «kabina baxua eta aurreratua» daukana, hiri-zerbiztu guztietan erabiltzekoa eta ekonomikoa bere industria-garapenagatik.

«Kamioi horren lehen helburu estrategikoa ingurumen-onura handiak dituzten hiri-zerbitzuetan mugikortasun elektriko eskuragarria ezartzen laguntzea da, hala nola emisio kutsatzaileak eta zarata erabat murriztea, karbono aztarna murriztea eta energia-eraginkortasuna maximizatzea», Irizarretik zehaztu dutenez.

Gaineratu dute martxan dagoela hondakinak biltzeko alboko karga-karrozeria bat duen kamioia, eta «horrek esan nahi du zerbitzu osoa %100 elektrikoa dela, ohiko motor baten errendimendu berberarekin baina energia kontsumoa %50 ingurukoa izanik, eta soinu emisioak, kutsatzaileak eta CO2 izugarri murrizten dituena».

Beharrezkoa bada gas natural konprimituzko motor osagarri bat gehitu dakiokeela zehaztu dute, «bateriak energia eta emisio kontsumo gutxieneko abiadura konstantean kargatzen dituena».