Amalur ARTOLA

Sandro Penna poeta italiarraren unibertso poetikoa euskarazko artista-liburu bilakatu dute

Iñigo Astiz idazleak eta Damaris Pan artistak euren ahaleginak metatu eta Sandro Penna poeta italiarrarekiko duten miresmena batu dute ‘Sandro Penna. Bilduma bat’ artista-liburuan. Ostegun honetan, 19.00ean, aurkezpen berezia egingo dute Donostiako Tobacco Days liburu-dendan.

Iñigo Astiz eta Damaris Pan. (Monika DEL VALLE | FOKU)
Iñigo Astiz eta Damaris Pan. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Sandro Pennaren (Perugia, 1906 - Erroma, 1977) unibertso poetikoa izan dute oinarri Iñigo Astiz idazleak eta Damaris Pan artistak ‘Sandro Penna. Bilduma bat’ artista-liburua osatzeko. Pennaren poesiak harrapatuta hasi zen Astiz, bere kabuz, Pennaren poemak euskarara ekartzen, eta Panek, proiektuaren berri izan gabe, poeta italiarraren olerki bat bidali zionean elkarlanean zerbait egin behar zutela erabaki zuten.

Artista-liburu formatua hartu zuen proiektuak eta ‘Sandro Penna. Bilduma bat’ izenpenan argitaratu berri dute, Farmazia Beltza eta Efi argitaletxeen babesarekin. Astizek ekarri ditu euskarara liburuan biltzen diren 105 poemak eta Panek, bere aldetik, poeta italiarraren unibertso poetikoarekin bat egiten duten marrazkiak ondu ditu.

Desiraren ehiztari

«Penna, argi esanda, oso poeta ona da, edozein poesia irakurlek irakurriko lukeena», ziurtatu du Astizek, eta haren poemak sotil bezain sakonak direla nabarmendu du: «Sinpleak dira, gardenak, kantu moduko doinu bat badute atzean eta erotismoz beteta daude». Baina Pennaren poesia ezerk berezi egiten badu, hori desira dela nabarmendu du: «Desiraren pizte momentuan kokatzen ditu poema gehienak eta asko momentuan hartutako apunteen modukoak dira, dir-dir egiten duen momentu bat harrapatzeko saiakerak balira bezala», azaldu du.

Hala, irudietan ere desagertzera doan une horren adierazpena bildu nahi izan du Damaris Panek, eta orri zuria eta arkatza baliatu ditu zeregin horretarako. «Marrazki autonomoak dira», azaldu du artistak, «ez ditut irudiak egin poema horiek ilustratu nahian», baina horien bidez Pennaren unibertso poetikoa iradoki nahi izan duela baieztatu du, harekin bat egin.

Argitalpenak beste bi elementu ere baditu: hitzaurrea Alex Gurrutxaga literatura irakasleak egin du eta amaieran jatorrizko poemak batu dituzte, azken hauek hori kolorez nabarmenduta –bilduma zuri-beltzean doa, kolore horiko xehetasunekin–, Panen hitzetan, atzean badoaz ere presentzian irabaz dezaten.

Artista-liburua ostegun honetan aurkeztu dute Bilbon eta iluntzean, 19.00ean, aurkezpen publiko berezia antolatu dute Donostiako Tobacco Days liburu-dendan: pianoa, bideoa, irudiak eta poemak batuko dira, Pennaren unibertso poetikoari gorazarre egiteko.