naiz
DONOSTIA

Seme-alaben irudiak partekatzeak suposatzen duenaren inguruan hausnartzeko kanpaina, Gipuzkoan

‘Sharenting’ delakoa gurasoen artean gero eta ohikoagoa den praktika da, eta sare sozialetan euren seme-alabei buruzko argazkiak, bideoak edo beste edozein informazio mota argitaratzean datza. Honen aurrean Gipuzkoako Diputazioak kanpaina berezia jarri du martxan haurrek beren irudirako duten eskubideari eta gainesposizio digitalak ekar ditzakeen arriskuei buruzko hausnarketa eta kontzientzia piztu asmoz.

‘Sharenting’ delakoaren inguruan hausnartzeko kanpaina abian jarri du Gipuzkoako Diputazioak.
‘Sharenting’ delakoaren inguruan hausnartzeko kanpaina abian jarri du Gipuzkoako Diputazioak.

Ingelesetik datorren termino hori ‘to share’ (partekatzea) eta ‘parenting’ (hazkuntza) aditzen elkartzetik sortzen da, eta fenomeno berri bat definitzeko erabiltzen da. Fenomeno horretan, gurasoek beren seme-alaben edukiak (argazkiak, bideoak) argitaratzen dituzte sare sozialetan, segurtasun eta pribatutasun gutxirekin.

Atzo, azaroak 20, Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna izan zen. Aurten, Gipuzkoako Gazteriaren Departamentuak ‘Like umeen zibersegurtasunari’ kanpaina egingo du, ‘Nik ere badut ezer esana’ lelopean, UNICEFen laguntzarekin.

Denis Itxaso, Gazteriako diputatuak aurkeztu du ekimena: «Gurasoak sentsibilizatu nahi ditugu beren seme-alaben gehiegizko esposizioak sare sozialetan izan ditzakeen ondorioez».

«Sharenting delakoa gurasoen artean gero eta ohikoagoa den praktika da, eta sare sozialetan euren seme-alabei buruzko argazkiak, bideoak edo beste edozein informazio mota argitaratzean datza.  Lehen ekografiak, lehen urratsak, urtebetetze jaiak, oporrak, lehen hortzen erorketa, eskola jaialdiak, etab», azpimarratu du.

«Baina gehiegizko esposizio horrek, gehienetan haurraren baimen espliziturik gabe gertatzen denak, hainbat arrisku ekar ditzake, hala nola ziberjazarpena, grooming-a, nortasunaren ordezkapena, datuen lapurreta edo internetekin lotutako beste delitu batzuk», gehitu du Itxasok.

Estatistiken arabera, sei hilabete betetzean, haurren %81ek dagoeneko badu presentzia interneten, eta bere bizitzako lehen bost urteetan 1.000 argazki egongo dira sarean. Gainera, bi urtetik beherako haurren %5ek gurasoek sortutako profil bat du sare sozialetan, eta kopuru hori handitu egiten da adina gora joan ahala.

Kanpaina sare sozialetan, lurraldebuseko pantailetan eta abarretan garatuko da, eta helburu izango du haurrek beren irudirako duten eskubideari eta gainesposizio digitalak ekar ditzakeen arriskuei buruzko hausnarketa eta kontzientzia piztea.