Naiz
Donostia

Sei taldek hartuko dute parte Kutxa Kultur Musika egonaldi programan

Siete C, Beste Urtaroak, Indian Feathers, Lemy River, Cônvoi eta Idoia Asurmendi izan dira aurkeztutako 116 proposamenetatik Kutxa Kultur Musikako egonaldi programan parte hartzeko hautatuak izan diren musikariak. Euren proiektua garatzeko laguntza eta formakuntza jasoko dute datorren urtean zehar.

Kutxa Fundazioak aukeratutako taldeen ordezkariak. (Kutxa Fundazioa)
Kutxa Fundazioak aukeratutako taldeen ordezkariak. (Kutxa Fundazioa)

Kutxa Kultur Musikak aukeratu ditu 2020ko egonaldi programan parte hartuko duten musikariak. 116 proposamen jaso zituen erakundeak, guztiak artista gipuzkoarrenak, eta horietatik sei hautatu dituzte.

Aurkeztutako musikariak bikoiztu egin dira aurten eta, gainera, Gipuzkoako lurraldeei dagokienez orekatua izan da parte hartzea. Bidasoaldetik, Debagoienatik, Debabarrenatik, Urola Kostatik, Tolosaldetik eta Donostialdetik jaso dituzte proposamenak.

Hizkuntzari dagokionez ere erdiak baino gehiagok euskara du bere errepertorioan, eta 42 taldetan emakumeak daude. Estilo aldetik, gehienak klasikotik aldentzen dira eta rocka, popa, indiea eta elektronika dira nagusi.

Hala, programan parte hartzeko aukeratu dituzten musikariak Siete C, Beste Urtaroak, Indian Feathers, Lemy River, Cônvoi eta Idoia Asurmendi dira. Hauek Kutxa Fundazioarekin lankidetza-hitzarmena sinatu dute egonaldia egiteko.

Horren baitan bilerak egingo dituzte taldeekin bakoitzaren premiak identifikatzeko eta, euren proposamen artistikoaren arabera, duten proiektua garatzeko laguntza eskaintzeko. Entsegurako lokala ere eskainiko zaie Tabakalerako laugarren solairuan Kutxak duen espazioetako batean.

Egonaldian zehar musika ekoizpen, autoedizio, bideragarritasun plan eta sare sozialetako komunikazioko formakuntza jasoko dute. Era berean estudio profesional batean grabatzeko eta bideo klip bat egiteko aukera emango diete.

Horrez gain, Kutxa Kultur Plazan urteko lehen hiruhilekoan kontzertu bat programatuko dute taldeak aurkezteko. Gerora beste hiru ekitaldi egingo dituzte urtean zehar. Horietan parte hartzeagatik ordainsaria jasoko dute musikariek.