Aitor AGIRREZABAL
Iruñea

Baluarten aritzeko itxaropenari gauerdira arte eutsiko diote Pirritx, Porrotx eta Marimototsek

«Bihar Baluartera etorri nahi dugu, kontratua bizirik dago», adierazi dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsek. Azken ordura arte, gaurko gauerdia, itxoingo dute eta bestela zerbait iragarriko dute. Argi dutena, urtea amaitu aurretik, «bai edo bai», Iruñean izango direla.

Maritotots, Pirritx eta Porrotx, gaurko agerraldian. (Idoia ZABALETA | FOKU)
Maritotots, Pirritx eta Porrotx, gaurko agerraldian. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Nafarroako Kontseiluak atzo Pirritx, Porrotx eta Marimotots eta Iruñeko Udalaren arteko kontratua balizkoa zela adierazi ostean, pailazoak, Iñigo Santxo abokatuak lagunduta, Katakraken izan dira. Bertan adierazi dutenez, «azken ordura arte» itxoingo dute, «bizirik» dagoen kontratua bete eta ostiralean Baluarten ‘Bizi dantza’ ikuskizuna eskaintzeko. Gaur gauerdian berririk ez badago, zerbait iragarriko dute, baina urtea amaitu aurretik Iruñean aritzeko konpromisoa azpimarratu dute.

24 ordu falta badira ere, «baikor, prest eta gogoz» agertu dira. «Umeei agindu genien Iruñean izango garela. Umeek badakite politikari batzuek gezurra esaten dutela eta pailazoek ez dutela halakorik egiten», adierazi dute.

Santxok aipatu duenez, kontratuaren akatsak konpondu egin zitezkeen, baina Nafarroako Kontseiluak berretsi bezala, balizkoa zen uneoro. Are gehiago, azken honek ebatzitakoa «loteslea» dela adierazi du abokatuak. Hala ere, jakinarazi duenez, Navarra Sumaren Udal gobernuari eskaini zioten akats horiek konpondu eta kontratua betetzea.

Sinatutakoaren arabera, ostiralean egiten ez bada, bi aldeen artean beste data bat adostu behar da. Hori ere bete ezean, «prebarikazioaren marra oso estua» dela nabarmendu du Santxok.

«Ezezagutza arazo bat» dagoela iritzi dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsek. «Ez ditu euskara eta euskal kultura ezagutzen. Ez gaitu gu ezagutzen». Porrotxek 32 urte daramatza Nafarroa hegotik iparrera eta ekialdetik mendebaldera zeharkatzen eta «euskara oparituz, hamaika balore sustatuz». Hau konpontzeko, ‘Amonaren maleta’, Miren Amurizaren abesti baten bitartez, oparitu diote Enrique Maya alkateari, «Linguae Navarrorum zer den jakin dezan».

Baina Udalaren jarrera ez dute solik haien kontrako eraso gisa hartzen, «euskara eta euskalgintzaren aurkako fobia da». Honi erantzuteko «elkar babesteko beharra» nabarmendu dute.

Hirurek, baina, gutxitan bezala, irribarrea ere galdu dute agerraldiaren amaieran. «Pailazoak gara. Nola definitu dezakegu hau? Alkate bat da, hiri bateko alkatea. Ez genuke hemen egon behar. Inpotentzia sentitzen dugu. Nagia ematen digu gai honek, baina ez gaude prest zapalduak izateko. Ez gu, ez gure kultura, ez hizkuntza, ezta herria ere», adierazi du Porrotxek. «Pailazoa ere lurrera erortzen zaigu», gehitu du Pirritxek.