NAIZ
BAIONA

Gainkontsumoa salatzeko Block Friday bihurtu dute gaurko eguna Ipar Euskal Herriko gazteek

Ipar Euskal Herriko gazteek gainkontsumoaren aurkako protesta egin dute, Black Friday delakoa eguna ospatzen dela aprobetxatuz. Mobilizazioa egin dute Baionako Herriko Etxetik abiatuta eta Galeries Lafayette merkatalgunean eserialdia egin dute. Gainkontsumoak naturan kalte larriak eragiten duela salatu dute. Block Friday bilakatu dute gaurko eguna.

Gazteek Baionako Galeries Lafayette merkatalgunean egin duten protesta. (Bob EDME)
Gazteek Baionako Galeries Lafayette merkatalgunean egin duten protesta. (Bob EDME)

Black Friday eguna Block Friday bilakatu dute Fridays For Future mugimenduko ikasleek. Ipar Euskal Herriko hainbat ikaslek bat egin dute dinamikak Baionan antolatu duen mobilizazioarekin azaroaren 29an. Gainkontsumoaren eta aldaketa klimatikoaren kontrako mezuak entzunarazi dituzte karriketan gaindi, Kazetak eta Mediabaskek jaso dutenez.

Goizeko 09.00etan Herriko Etxera ailegatu dira bozgoragailua eskutan.

Ingurumenaren alde eta klima aldaketaren kontrako aldarriak entzunarazi dituzte greba egunean. Manifestazioaren bidez, «geroa suntsitzen digun sistema aldatzeko eta buruzagiak mugiarazteko» eskakizuna egin dute.

Mobilizazioaren bukaeran, gazteek jantzi eta objektu bilketa bat antolatu dute Galeries Lafayette merkatalgunearen ondoan. Hain zuzen, kontsumismoan murgilduta dagoen gizarteari alternatiba bat proposatu nahi izan diote.

Ekimenari esker, jantziak, bitxiak edota zapi higienikoak bildu dituzte, besteak beste. Eskuratutako guztia Diakite, Gurutze Gorria eta Emmaus elkarteei bideratuko diete.