Ramon SOLA
DONOSTIA

Milaka espetxeratze politikoren «itsasoa» liburu batean bildu du Euskal Memoriak

Euskal preso politiko izan den dozenaka lagun hurbildu da Euskal Memoria Fundazioaren azken lanaren aurkezpenera. Beraiek baitira, azken finean, liburu honen «bizkarrezurra», Iñaki Egañak nabarmendu duenez. Amaigabea den errealitatea, amaitu ez den amesgaiztoa, laburbildu du Carlos Trenorrek.

Egaña eta Trenor, ezkerrean aurkezpenera hurbildutakoekin. (Gorka RUBIO/FOKU)
Egaña eta Trenor, ezkerrean aurkezpenera hurbildutakoekin. (Gorka RUBIO/FOKU)

«Itsaso» baten aurrean sentitu zen Carlos Trenor, espetxetik atera eta Euskal Memoriatik erronka luzatu ziotenean. Eta ez zen gutxiagorako, Fundazioaren presidente den Iñaki Egañak gogora ekarri duenez, 7.000 inguru baitira 1960. hamarkadatik hona kartzelaratze politikoak jasan (eta jasaten) dituzten euskal herritarrak.

Aurretik gai honetara hurbilpen batzuk baziren (EPPKren historia bildu zuen ‘Burdinen arteko herria’ esaterako), baina oraindik ez zen ikuspegi osoa hartua izan. Eta erronka gainditu dela erakusten du Donostian aurkeztu den ‘Euskal disidentzia, errepresioa eta espetxea (1978-2011)’ liburuak. Ondo jakinda –Trenorrek nabarmendu du– historia osoa ezin dela oraindik idatzi, gaur bertan preso politikoak existitzen diren heinean.

Euskal Herrian pilatua den zigor politikoaren neurriari erreparatu dio Egañak. Zenbakiek argi adierazten dute: 80.000 preso politiko inguru 1936ko gerratik hona eta 7.000 gutxienez azken bost hamarkadetan. «Zenbaki beldurgarriak dira –nabarmendu du– baina aldi berean bizirik dagoen herri baten seinale ematen dute».

Hurrengo urterako, 7.000 lagun horiek fitxa osoa argitaratzeko lanean ari dira Euskal Memorian: norberaren espetxealdiaren datak, argazkiak, jaioterriak… Aurkeztu berri den lan honetan kartzelaratzeak baino ez dituzte aztertu, atxiloketak oinarri hartu izan balituzte kopurua oraindik ikaragarriagoa izango zelako («40.000 inguru zenbatu zituen Jon Mirena Landaren lanak», oroitarazi du Egañak).

Sei multzo preso politikoen artean

Baina, preso politikoei buruz ari garela, zertaz ari gara? Bere jardueran, sei multzo bereiztera heldu dela aipatu du Trenorrek: «Erakunde armatuekin harremana izan dutenek» osatzen dute kopuru handiena, jakina; «‘Dena ETA da’ teoriaren biktimak» ere badira (Trenor bera); gazte borrokengatik zigortuak; intsumituak («legea aldatu nahi izateagatik zigortu zituztelako»); COPEL koordinadoraren ingurukoak, preso sozial bezala hartuak izan arren borroka guztiz politikoa egin dutelako; eta azkenik, «langile klasearen aldarrikapenak defendatzeagatik kartzelaratuak izan direnak», erantsi du egileak.

«Ni ez naiz idazle, ez historialaria», zehaztu nahi izan du Trenorrek. «Eta ez naiz objektiboa, presoen aldekoa naiz», aitortu du. Hala ere, zorrotz eta orekatua izaten ahalegindu dela nabarmendu du.

Erabili dituen iturriak zehazterakoan, ezer baino lehenago «beharko genituzkeen dokumentuak sekretupean direla» salatu du, eta erakunde armatuetako paperak ere hainbatetan poliziek desagerrarazi edo desitxuratu dituztela erantsi dio.

Itsasoan barreneko bidaia horretan hemerotekan ere igeri egin behar izan du Carlos Trenorrek, nahiz hedabide espainoletan 1989tik aurrera hutsune nabaria sentitu duen («hortik aurrera, presoak soilik zikintzeko edo zatiketak eragiteko agertzen dira»). Eta azkenik, testigantzak izan ditu oinarri, baita Angel Rekalderen eta Jokin Urainen liburu estimatuak ere.

1978tik 2011a arte (nonbait jarri behar zen azken puntua, esan du) gertatutako pasarte garrantzitsuenak hartzen ditu ‘Euskal disidentzia, errepresioa eta espetxea’k. Baina horrekin batera, testu motzagoen bitartez espetxea zer den azaltzeko ahalegina antzematen da. «Jendeak ez du ezagutzen zer den ‘kunda’ bat, edo isolamendu zer den, eta ez du zertan ezagutu behar», justifikatu du Trenorrek.

Sakontzeko aukera... eta amaitzeko beharra

Azkenik liburuan milioi bat karakter inguru argitaratu den arren (dezente gehiago idatzia zuen preso ohi eta abokatuak), eta ehunka argazki, itsasoa liburu bakar batean kabitu ezinezkoa dela bistan da. Proposamena egin du Trenorrek, errealitate zabal-zabal hau lan monografikoen bitartez sakontzeko aukera ikusten baitu. Esaterako, emakume eta espetxeari buruz zer bildu badela ikusi du, edota intsumitu presoen inguruan… espetxeratze politikoak benetan historia, iragan hutsa, bilakatu arte.