Oihane Larretxea
Donostia

Ahotsenea, sormena lehen planoan

Gaur egun Durangoko Azoka ez da ulertzen Ahotsenea gabe. Aurten, 111 sortzaileri emango zaie beren sormen lana erakusteko aukera, horietatik 49 zuzeneko aurkezpenak izango dira eta 62 solasaldi. Gazteentzat izan den goiza igarota, Mocker's-ek ireki du arratsaldeko saioa.

La Basu musikaria aritu da arratsaldean Ahotsenean. (Jon URBE I FOKU)
La Basu musikaria aritu da arratsaldean Ahotsenean. (Jon URBE I FOKU)

«Denetatik» egongo da dagoeneko edizio berri bat abiatu duen Ahotsenea espazioan. Urte osoan zehar diskoa edo liburua ekoiztu dutenen artean «lagin» bat eskaintzen du plaza honek. Guztira, Unai Pelayo koordinatzaileak NAIZi azaldu dioenez, 111 sortzaileri emango zaie ahotsa, 49 zuzeneko aurkezpen eta 62 solasaldi egingo dira. «Zuzenekoetan batez ere gailentzen da rock 'n rolla eta autoekoizpenera jotzen duen jendea, eta solasaldietan literatuta, komikigintza, poesia eta haur jolasak, besteak beste».

Barietatea «izugarria» dela dio, izan ere, «bada agertoki interesa pizten duena sortzaileen artean, baliagarria delako haien lana erakusteko eta aurkezteko, eta azken finean hau kultura azoka bat den heinean sormena lehenestea oso garrantzitsua da. Honetarako sortu zen Ahotsenea –azpimarratu du– ahotsa emateko eta sormena lehen planoan jartzeko kultur azoka baten baitan».

Autoekoizpena maiz aipatu du Pelayok. Solasaldien gunean argitaletxe handiekin zein txikiagoekin batera, bere lanak editatu dituenak topa daitezke. «Saiatzen gara guztiei beren txokoa ematen», dio. Autoekoizpena den unetik berebiziko garrantzia du horrelako espazio batean lana aurkeztu ahal izateak, egile horiek atzean ez dutelako beraiena ez den beste estalperik. «Hala da, autoekoizpeneitk jotzen duten sortzaile gehienek ez dute babes hori atzean, dela musika bulego bat, argitaletxe bat, edo promozio bulego bat. Talde hauentzat promoziorik onena zuzeneko on bat eskaintzea da, eta hori Ahotseneak ahalbidetzen du», berretsi du.

2008an sortu zenetik hamaika edizio igaro dira eta egonkortu dira, uste du Pelayok. Eta gainera izanari, filosofiari, eutsi diotela azpimarratu du. «Sortu zen lehenesteko sormena kultura azoka batean eta aldi berean oso desorekatua dagoen eszena hau demokratizatzeko nolabait, alegia, aukera berdinak eskaintzeko talde guztiei izena edozein dela ere. Uste dut mantentzen direla hasiera hasieran sortu zireneko ideia horiek. Eskaerak eskaintza gailentzen du, erreferente da eta urtez urte eskaera gehiago jasotzen dira. Gaur egun, uste dut, Durangoko Azoka ez dela ulertzen Ahotsenea gabe».

Gaurko programazioari dagokionez, ohitura den bezala, goiza gazteentzat izan da eta tailerrean izan dira. Egunari Mocker'sek eman dio jarraipena, eta bertan arituko dira, besteak beste, La Basu, Oreka TX eta Xabi Bandini. Egunez egun eskaini eta emango duen guztia Ahotsenean atalean kontsulta daiteke.