NAIZ

Ekologismoa eta neoliberalismoa bateraezinak direla ondorioztatu du LABek, COP25en harira

Klimaren inguruko goi-gailurra ospatzen ari da Madrilen eta honen harira, LABek ondorioztatu du krisi ekologikoa eta langileen aurkako «agenda neoliberala» kapitalaren erasoaren parte direla. «Ekosozialismoa» eraikitzeko lanean jarraituko duela adierazi du.

COP25 gailurraren irekiera egunean Extinction Rebellion erakundeko aktibistek eginiko mobilizazioa. (Gabriel BOUYS / AFP)
COP25 gailurraren irekiera egunean Extinction Rebellion erakundeko aktibistek eginiko mobilizazioa. (Gabriel BOUYS / AFP)

Abenduaren 2tik 13ra bitartean klimaren inguruko goi-gailurra ospatzen ari da Madrilen. Klima Aldaketaren inguruko Nazio Batuen Erakundeko organoa da COP (ingelesezko siglengatik) eta honen 25. edizioa da aurtengoa. Berez, Txilek jaso behar zuen baina herrialdean ematen ari diren protesta sozialean ondorioz, egoitzaz aldatu zuten.

Honen harira, LABek komunikatu bat helarazi du ostiral honetan eta bertan ondorioztatu du ekologismoa eta neoliberalismoa ezin direla uztartu. Adierazi du krisi ekologiko eta langileen aurkako «agenda neoliberala» kapitalaren erasoaren parte direla eta beraz, ezin direla hauek banatuta ulertu.

«Ingurumenaren defentsa, emergentzia klimatikoaren inguruan sortu den borroka eta eskubide sozialak ezin dira banatu. Hauek guztiak proposamen integral batean ulertzen ditugu», azaldu du. «Ekosozialismo» hitza erabili du sindikatuak eta hau eraikitzeko lanean jarraituko duela nabarmendu du.

Emergentziazko egoerari, erantzuna

LABek ohartarazi du COP bezalako gailurrek ez diotela «emergentziazko egoera honi erantzuten». «Goi gailur hauek, hain zuzen ere, kapitalaren metaketa planetaren iraunkortasunarekin uztartzea dute helburu, jatorritik bateraezinak diren ideiak», gehitu du. 

Hala, ekosozialismoarekin «konektatzen» duten proposamenak jarri ditu mahai gainean: lanaldiaren murrizketa eta aberastasunaren banaketa, oinarri produktibo eta erreproduktiboaren aldaketa, makroproiektuen kontrako jarrera edota sektore estrategikoen gaineko kontrol publikoa eta jarduera planifikatua.

Era berean, argitu du bide honek partekatua izan beharko duela eta lau printzipio barnebildu beharko dituela gutxienez: justizia eta eskubide sozialen bermea; feminismoa; ekologismoa eta planetaren zaintza; eta parte-hartze burujabe eta demokratikoarena. 

Politika publikoen lehentasunak aldatzea pertsona zein naturaren interesen alde egingo duten neurri zehatzak hartzeko eskatu die instituzioei: «Amaitu da deklarazioen garaia, larrialdi klimatikoarekin amaitzeko borondate politikoa behar da».