Jon Ormazabal

Altuna-Galarzak ez zuten gehiago itxaron nahi (17-22)

Amezketarrak partida borobila jokatu du hasi eta buka, Ladis Galarzari unerik txarrenetan heldu dio eta Irribarria-Rezustari ez diete inoiz eroso egoten utzi.

Jokin Altunak partida bikaina osatu du. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Jokin Altunak partida bikaina osatu du. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Jokin Altuna ez dago partidak bata bestearen atzetik galtzera ohituta eta partida bezperan lasai zegoela esan zuen arren, ez du beste partida bat 22ra heldu gabe egon nahi izan eta behetik gora egin duen Ladis Galarza on bati esker, sailkapena estutu dute Irribarria-Rezustari 17-22 irabazita.

Lehen pilotakadatik ikusi da amezketarra jokatzeko eta aurkariei min egiteko zegoela, 0-2 ere aurreratu dira, baina partidako giltza hasiera kaxkarra izan duen Ladis Galarzari partidara itzultzen asmatzean egon da. Izan ere, ezer ez zuten lau sake eramateke utzi eta beste pilota bat erori ostean, Baraibarreko atzelariak krisi une bat pasa du (6-2), baina bere jokoarekin eta etengabe animoak emanaz, laguna bideratzen jakin izan du amezketarrak eta horrek eraman ditu, hein handi batean, garaipenera.

Beti deseroso

Parean, Irribarria eta Rezusta ez dira ia inoiz gustura egon kantxa barruan, tarteka dominatu bai, baina apenas izan dute jarraikortasunik euren jokoan eta jokoz puntu-puntuan ez daudela igarri zaie, nahiz eta tarteka gauza ederrak ere egin dituzten.

Partida erditik aurrera, gainera, euren jokorako egokia zen pilota bizi bat aurkitu dute eta saiatu dira harekin Altuna gainetik pasa eta Galarza zigortzen, baina atzelari nafarrak bikain erantzun die, huts kopurua asko murrizteaz gain pilota asko baztertu du eta une beroetan Jokin Altuna Iker Irribarria baino erabakigarriagoa izan da, batez ere askoz kale gutxiago egin ditu eta.

Emaitza honekin, bi bikote dira hiru partidak irabazi dituztenak eta gainontzeko guztiak puntu banarekin berdinduta daude.