Haritz Larrañaga

Euskararen erakunde Publikoak azken 15 urteetako balantze «baikorra» egin du

Euskararen Erakunde Publikoak Baionan eskaini duen prentsaurrekoan azken 15 urteetan euskarazko irakaskuntzak Ipar Euskal Herrian izan duen garapenari buruzko balantzea aurkeztu du. Eredu elebidunaren bitartez, euskaraz ikasteko eskariak gora egin du eremu publikoan zein pribatuan. Lizeo eta batxilergoaren erreformak euskaraz ikasteko zailtasunak ekarriko dituela ohartarazi du.

François-Xavier Pestel eta Bañat Arrabit Baionan eskaini duten prentsaurrekoan. NAIZ
François-Xavier Pestel eta Bañat Arrabit Baionan eskaini duten prentsaurrekoan. NAIZ

Euskara bultzatzeko erakunde ofiziala sortu zenetik 15 urte pasa direnean, hezkuntzan egindako ibilbidearen balantzea aurkeztu du Euskararen Erakunde Publikoak Baionan. Beñat Arrabit EEPko lehendakariak eta Farnçois-Xavier Pestelek, Pirinio Atlantikoetako akademia ikuskariak, bi erakundeen arteko harreman ona azalarazi dute eta egindako elkarlanaren gaineko «balantze positiboa» egin dute.

Ipar Euskal Herriko ikasle kopuru orokorraren grafikoak behera egiten duen artean, euskarazko irakaskuntzak gora egiten duela adierazi dute bi hizlariek. «Prozesu ebolutibo hori sostengatzeko Estatu frantsesak asko egiten du eta egingo du», ohartarazi du Pestelek.

Arrabitek, ostera, 2004. urtea aitzin euskaraz ikasteko politika publikorik ez zela oroitarazi du, eta 2005. urtean hezkuntza plan bat martxan jarri zenetik eman diren urratsekin «pozik» agertu da. Izan ere, EEPko lehendakariaren iritziz «datuek erakusten dute gero eta gehiago badela euskaraz ikasteko nahikeria bat eta hori positiboa da, zeren duela 15 urte nola ginen ikusten badugu aitzinamendu bat eman dela ikusten da».

Hamabost urteko balantzea

Euskararen Erakunde Publikoak eta Pirinio Atlantikoetako Hezkuntza Nazionalak aurkeztu duten txostenean azken 15 urteetan euskarazko irakaskuntzak izan duen bilakaera azaltzen duten datuak agertzen dira. Txostenak azaltzen duen moduan, eredu elebidunaren bitartez euskara irakaskuntza publikoan eta pribatuan txertatu zen, eta pixkanaka eskariak gora egin duen neurrian, euskararen presentziak ere gora egin zuen maila eta eremu guztietan, haur eskolatik hasi eta kolegio zein Lizeoko ikasketetaraino.

Irakaskuntza publikoa, pribatua eta Seaskak eskaintzen duena kontuan hartuta, 67 murgiltze eta sail elebidun ireki dira lehen mailan azken 15 urteetan. Ondorioz, euskarazko irakaskuntza eskaintzen duten lehen mailako eskolen batezbestekoa %42tik %68ra emendatu da.

Gorakada handiena eremu publikoan eman da, ia bikoiztu egin baita. %34tik %62ra igo da irakaskuntza elebiduna eskaintze duten eskola publikoen kopurua. Eremu pribatuan, berriz, %50etik %67ra igo da lehen mailako eskaintza elebiduna.

Bigarren mailan ere sail berriak ireki dira. 12 kolegio berrik egin dute eskaintza elebiduna, hala nola, 6 kolegiok sare publikoan, 5ek irakaskuntza pribatuan eta batek Seaskan. Orotara, Ipar Euskal Herriko 40 kolegioetatik 32 ikastetxeetan eskaintza elebiduna egiten da. Horien artean, Seaskak 4 kolegio ditu.

Lizeoen kasuan, ostera, 5 sail elebidun berri ireki dira, 4 eremu publikoan eta bestea irakaskuntza giristino edo pribatuan. Hortaz, egun dauden 14 lizeoetatik 11k irakaskuntza elebiduna eskaintzen dute.

Lehen hezkuntza amaitu ostean euskara edo euskaraz ikasteko hautua egin duten 1.791 ikasle gehiago dira egun. 2004. urtean guztira 1.263 ikasle elebidun ziren Ipar Euskal Herrian, eta gaur egun 3.054 dira euskaraz ere ikasten dutenak. Lizeoen kasuan kopurua apalagoa da. 365 ikasle elebidun ziren 2004. urtean, eta 818 ikasle dira 2019an. Hau da, 462 ikasle elebidun gehiago daude Ipar Euskal Herriko lizeoetan.