NAIZ

Alde bakarreko ekimenek sortzen duten egoneza agerian utzi du Mont de Marsanen gertatutakoak

Zenbait talde futbolzalek Mont de Marsango espetxera deitu duten martxak «ez du gure oniritzi eta babesik», argitu behar izan dute bertako euskal preso politikoek. Arazoa liskar honetaz haratago doa: alde bakarreko ekimenez ohartarazten dute espetxeetatik, indarrak batze aldera presoekin ekimenak adosteko beharra nabarmenduz.

Mont de Marsango espetxearen sarrera.
Mont de Marsango espetxearen sarrera.

Presoen alde indarrak batzeko edozein ekimen espetxeratuekin kontrastatzeko beharra agerian utzi du asteazken honetan sare sozialen bitartez zabaldu den ikamikak.

Abenduaren 28rako Mont de Marsanera martxa deitu dute zenbait talde futbolzalek (Herri Nortek, Real Sociedad Firm-ek, Indar Gorrik, Iraultza 1921ak eta Indar Armaginak, hain zuzen ere), besteak beste «auzi honen inguruan dagoen desmobilizazio iraunkorra» aipatuz. Baina bertako euskal preso politikoek ez dute begi onez hartu eta publikoki horrela jakinarazi dute.

Mont de Marsanen espetxeratuek sare sozialetan zabaldu zuten mezuak hauxe dio, hitzez hitz: «Manipulazio eta gaizki ulertze oro ekiditeko, jakinarazi nahi dugu martxa horrek ez duela gure oiniritzi eta babesik, haien jarduerak EPPKren ildoaren aurka egiten duelako, eta presoen kaleratzearen aldeko mugimenduan indarrak bildu beharrean, nahasmena eta zatiketa eragiteko asmoekin ari direlako».

Mont de Marsango Euskal Preso Politikoen Kolektiboak sinatzen du oharra; hamabi dira une honetan bertan giltzapetuta diren kideak.

Kasu honetan agerikoak diren ildoaren inguruko desadostunez gain, prozedurari buruzko kezka adierazten du gertatutakoak. Izan ere, espetxeen barruan egoneza eragiten dute aldi bakarreko ekimenek, NAIZek jakin ahal izan duenez; beren komenigarritasuna zein egiteko moldeak presoekin konpartitu behar direla gogorarazten dute, are gehiago ekimen horien eragina –onerako ala txarrerako– presoen gainean dagoen neurrian.

Mont de Marsan zein Lannemezanen kasuan, kezkatzeko beste arrazoi bat dago. Bai lortutako hurbiltze prozesuaren ondorioz bertako presoen kopurua handia delako (hamahiru Lannemezanen), bai eta kartzelok Euskal Herritik hurbil daudelako ere, honelako ekimenak biderkatzeko arriskua ikusten dute espetxeratuek, gainerako kartzelen kaltetan.

Kezka honen iturrian espetxeak husteko borrokari beharreko eraginkortasuna emateko asmoa dago; elkartasun soila adieraztetik haratago doan beharra, alegia.