NAIZ
BILBO

Behatokiak eta Konpartsek babesa adierazi diote Bilboko Udalak isuna jarri zion konpartsakideari

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Bilboko konpartsek babesa adierai diote iazko Aste Nagusian Udaltzaingoak isuna jarri zion Hau Pittu Hau konpartsako kideari. Euskaraz hitz egiteko eskatu eta eztabaida izan ondoren, 900 euroko isuna ezarri zioten. Auzia epaitegietan da gaur.

Elkarretaratzea egin dute epaitegiaren atarian Arkaitz Zarragari babesa erakusteko. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Elkarretaratzea egin dute epaitegiaren atarian Arkaitz Zarragari babesa erakusteko. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Gaur epaitegietara iritsi den auzia 2018ko abuztuaren 27an du sorburua, Hau Pittu Hau konpartsako txosna desmuntatzen ari zirenean. Udaltzain batek Arkaitz Zarraga konpartsakidea gerarazi zuten eta identifikatzeko eskatu. Hark euskaraz egiteko eskatu zion baina udaltzainak uko egin zion eta eztabaida izan zuten. Horren ondotik, espedientea zabaldu eta Mozal Legea aplikatuta bi isun ezarri zizkion Udalak, 900 euro guztira.

Auzia epaitegian da gaur eta, horren harira, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Bilboko Konpartsek babesa adierazi diote Zarragari eta Udalaren jarrera salatu dute auzitegiaren kanpoaldean.

Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak azaldu duenez, «ez da lehen aldia segurtasun indarrek herritar baten hizkuntza eskubideak urratzen dituztela». Udaltzainekin ez ezik, gainerako segurtasun indarrekin ere hizkuntz eskubideak urratu zaizkiela dioten hainbat herritarren kexak jaso ditu Behatokiak. Ertzaintzarekin ere «urtero» kexak jasotzen dituztela erantsi du.

Zenbait udaletan lanpostuen hizkuntza-eskakizuna apaldu egin dutela kritikatu du; beste zenbaitetan ez da «Udaltzaingoko departamentu guztietan euskara eskakizunik ezartzen eta EPEetan gelditzen diren lan-poltsak hustean, uda garaian edo lan-poltsak agortzean, EPE orokorretako hautagaiak sartu dituzte askotan hizkuntz eskakizunik ez dutelarik». Zenbait herritako larrialdi zerbitzuetan ere euskara profil gabeko lan-postuak izaten dira, Behatokiaren arabera.

«Beraz, errealitateak erakusten digu hizkuntza eskakizuna ez dela herritarrekiko zerbitzuan behar beharrezkoa den eskakizun bezala hartzen zenbait erakunderen aldetik», deitoratu du.

Horren guztiaren ardura, Gaubekaren iritziz, ez da «osoki Udaltzaingoa edo bestelako segurtasun indarren parte diren pertsonengan» jarri behar. Herritarren eskubideak bermatzeko eta zerbitzu egokia eskaintzeko neurriak ezarri edo bermatzea erakunde publikoei dagokiela uste du. «Erakunde publikoak izan behar dira herritarra babesgabetasunean egongo ez dela bermatzen duten bakarrak eta horretarako herritarren zerbitzura ari den pertsona oro, herri horretako berezko hizkuntzak ulertu eta zuzentasunez erabiltzeko gai izan behar da», adierazi du.

Zarragaren kasuan Bilboko Udalak eman zuen erantzuna «lotsagarria» dela deritzo Behatokiak, eta gogoratu du euskararen ordenantza ez izateak «are larriagoa» egiten duela egoera eta «herritarren eskubideen bermea berdintasunean ematea».

Udaltzaingoaren «norabide erasokorra»

Bilboko Konpartsek ere elkartasuna adierazi diote Hau Pittu Hau konpartsako kideari  eta azken urteotan Bilboko Udaltzaingoak hartu duen «norabide erasokorra» salatu dute.

Konpartsen iritziz, iazko Aste Nagusian gertatutakoa «konpartsoi ez ezik, euskaldun eta herritar denei ere egindakoa» izan zen, «eta ez du kabidarik gure jai eredu herrikoian».

Juan Mari Aburto alkateak eta Tomás Del Hierro Segurtasun zinegotzi ohiak «Udaltzaingoari markatutako norabide erasokorraren ondorioa» da auzi hau beren ustez.

Gogoratu dutenez, Udalaren segurtasun-politikarekin «erabateko desadostasuna» agertu dute Bilboko Konpartsek eta, horrez gain, «ustezko segurtasun hori bermatzeko erabiltzen diren jarrerak eta ekintzak Udalari eskuetatik ihes egin diote. Hizkuntza-eskubideei iseka eta Mozal Legea ezartzea dira sekurokraziaren alde egindako apustuaren ondorioa», salatu dute.