Lakuako Gobernuak positibotzat jo du euskarari buruzko Europako Kontseiluaren txostena

Osakidetzan eta Ertzaintzan euskararen presentzia urria kritikatzen bazuen ere, Lakuako Gobernuak positibotzat jo du hizkuntza gutxituei buruz Europako Kontseiluak egin duen txostena, «administrazioan euskarari ematen zaion bultzada aitortzen» duelako.

NAIZ|12/12/2019
Osakidetza
Osakidetzan euskara normalizatzeko lan handia dagoela dio Europako Kontseiluak. Lakuako Gobernuak, berriz, dagoeneko egin dutena azpimarratzen du. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

«Oro har, balorazio positiboa egin behar dugu. Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, euskal administrazioen esku dauden konpromisoak bere osotasunean betetzen dira (lehen ere betetzen ziren), baina eremu ahulenetan ere aurrera egin da», adierazi du Lakuako Gobernuko Hizkuntza Politikarako sailburuorde Miren Dobaranek Europako Kontseiluaren txostenari buruz.

«Era berean, txostenak Iparraldeko erakundeekin eta Nafarroako Gobernuarekin dagoen elkarlana txalotzen eta azpimarratzen da», gaineratu du Dobaranek, Euskaraldiaren inguruko lankidetza ere nabarmentzen dela gaineratuz.

Halere, Europako Kontseiluaren txostenak Osakidetzan eta Ertzaintzan euskara normalizatzeko lan gehiago egin behar dela azpimarratzen du. Horren aurrean, Dobaranek Ertzaintzan aurreko ebaluaziotik hobekuntzak lortu direla onartzen duela adierazi du, «nahiz eta ahalegin handiagoa egitea gomendatzen duen».

Osakidetzari dagokionez, hor ere aurrerapausuak eman direla esan du Dobaranek. «Txostenak jasotzen duenez, 2016an hizkuntza gaitasun nahikoa zuten langileen kopurua %34 zen; 2006an, berriz, %11», aipatu zuen sailburuordeak Lakuaren lana goraipatzeko.

Lakuako Gobernuak bere lana Europako Kontseiluko txostenean errekonozituta ikusten duen bitartean, Gobernu espainolari egiten dizkioten kritikak nabarmendu zituen. «Berriz ere zalantzan jartzen baitu Estatuko Administrazioak euskararekiko duen inplikazioa», gogoratu zuen Dobaranek.

INFOS ASSOCIÉES