NAIZ

Soldata-arrakala aztertzeko jarraibidea aurkeztu dute, beharra baieztatu ondoren

Bai Sarea osatzen duten erakundeek enpresetan soldata-arrakala aztertzeko jarraibide bat diseinatu dute. 63 erakunde dira eta Emakundek ematen duen Berdintasunerako Laguntzaileen bereizgarria dute. Azaldu dutenez, eskuliburuak eta artikuluak egon arren, «jarraibide argien» beharra baieztatu dute.

Bai Sarea osazten duten enpresetako eta erankudeetako kideak, Hernanin gaur. (Gorka RUBIO/FOKU)
Bai Sarea osazten duten enpresetako eta erankudeetako kideak, Hernanin gaur. (Gorka RUBIO/FOKU)

Enpresetako soldata-arrakalari buruzko azterketa egiteko jarraibide-proposamen bat diseinatu dute Bai Sarea osatzen duten erakundeek eta sareko enpresei aurkeztu diete. 63 erakunde dira aipatutako sarea osatzen dutenak, lantalde ezberdinetan aritzen direnak, eta Emakundek ematen duen Berdintasunerako Laguntzaileen bereizgarria dute.

Gaur goizean Hernanin egin dute batzarra, Orona Ideon, eta orain arte egindako lanaren fruituen berri eman dute. Horien artean, soldata-arrakala aztertzeko diseinatu duten jarraibide-proposamena aurkeztu dute, gaiari buruzko «eskuliburuak eta artikuluak egon arren, erakunde gehienek jarraibide argiak behar dituztela egiaztatu» baitute, azaldu dutenez.

Sarearen helburua «lankidetza espazio bat izatea da, entitate desberdinetako berdintasun-planek lan merkatuko genero-arrakalak murrizteko duten eragina biderkatzeko», zehaztu dute ohar batean.

2016an sortutako enpresa sarea

Bai Sarearen barruan hainbat lantalde sortu dira: «talde motorra, komunikazio taldea, esperientziak trukatzeko taldea, berdintasunezko erakunde-kulturako taldea, soldata-arrakalaren taldea eta batzorde antolatzailea.

Gogoratu dutenez, 2016an jaio zen enpresa sarea, beste erakunde batzuekin esperientziak partekatzeko helburuarekin eta «berdintasunaren aldeko politikak indartuta atera daitezen» eta gizartean «eragin handiagoa izan dezaten».

Sarean enpresak eta arlo sozialean lan egiten duten kolektibo ezberdinak daude.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak nabarmendu du «garrantzitsua dela enpresa eta erakunde batzuk erreferente bihurtzea». Sareak ahalbideratzen dituen «berdintasunaren aldeko tresnak eta sinergiak» aipatu ditu, eta «sarearekin ahaleginak bikoiztearen konpromisoa» agertu du.