Naiz

Hiru emakume artista saritu ditu ARTgiaren EmART deialdiak

Yone Estivariz, Uxue Ruiz de Arkaute eta Estibaliz Aguirre Lopez de Munain izan dira laguntzaren irabazleak. Horiekin batera, epaimahaiak akzesitak eman dizkie Uxue Bereziartua ilustratzaileari eta Maitane Argote Guzman artistari.

Laguntza jasoko duten artistak. (Juanan RUIZ | FOKU)
Laguntza jasoko duten artistak. (Juanan RUIZ | FOKU)

Duela bi urte jaio zen ARTgia proiektua Gasteizen. Bere oinarrietan feminismoa dago eta, horregatik, garatzen dituen jardunen artean emakume artistei bultzada bat ematea da helburuetako bat. Horren baitan EmART deialdia egin zuen iaz lehen aldiz, eta aurten ere laguntza hori eskaini diete sortzaileei.

Aurtengo sarituak Yone Estivariz, Uxue Ruiz de Arkaute eta Estibaliz Aguirre Lopez de Munain izan dira. Eurekin batera, epaimahaiak bi akzesit eman ditu: Uxue Bereziartua ilustratzaileari eta Maitane Argote Guzman artistari. Akzesit hauen bidez, erakusketa eta komunikazio zerbitzua izango dute aukeratutako artistek. «Arabako emakume* artiston lana ikustaraztea da deialdiaren helburua. Emergenteak direnak, mahaigaineratzea, aukerak zabaltzea. Horregatik plazera da guretzako EmART deialdiaren irabazleak publiko egitea», nabarmendu du Almu Maeso ARTgiako kideak.

Aste batzuk iragan dira saritutako artistek ebazpenaren berri izan zutenetik eta ordutik ari dira lanean. «Orotara 23 proiektu aurkeztu dira eta oso pozik gaude bai aurreko urteko emaitzekin baita aurtengo proposamenek izan duten kalitate artistikoarekin».

Yone Estivariz argazkilaria da, Uxue Ruiz de Arkautek arkitektura eta eskultura lantzen ditu eta Estibaliz Aguirre Lopez de Minainek, berriz, diziplina plastiko desberdinak nahasten ditu bere sormenerako.