NAIZ

Metroan emakume batek jasandako sexu gehiegikeria salatu dute Uribarrin

Bilboko Uribarri auzoan elkarretaratzea egin dute dozenaka lagunek, asteburuan Bilbon emakume batek jasandako sexu gehiegikeria salatzeko. «Erasotzaileei aurpegia jarri eta aurre egiteko prest gaude», ziurtatu dute autodefentsaren aldeko hautu irmoa eginez.

Gasteizen sexu gehiegikerien aurka erakutsitako mezu bat. (Juanan RUIZ | FOKU)
Gasteizen sexu gehiegikerien aurka erakutsitako mezu bat. (Juanan RUIZ | FOKU)

Pasa den asteburuan Bilboko Metroan jasandako sexu gehiegikeria salatu du Uribarri auzoko emakume batek. Aurrean zuen gizon bat lizunkerietan hasi zitzaiola jakitera eman du: «Barrabilak ikutzen hasi eta keinu lizunak egin zizkidan», kontatu du, besteak beste.

Hau dela eta, elkarretaratze baten bitartez «autodefentsa»ren aldeko hautua berretsi dute Uribarri auzoan dozenaka lagunek. Metroan gertaturikoa «ez da kasu bakarra», ekarri dute gogora, guztiak errefusatzeko beharra nabarmenduz.

Patriarkatuak bide luzea eta milaka aurpegi dituela beste behin ere adierazi ostean, azken garaiotan emakumeengan «zerbait aldatzen ari dela» ere ohartarazi dute, positiboki.

Honelako erasoei behar duten garrantzia ematen zaiela, «erasotzaileei aurpegia jartzen hasi garela» eta «beraiei aurre egiteko prest gaudela» erakusten ari dela nabarmendu dute. Izan ere, erasotutako emakumeak gizonaren aurpegia grabatu omen zuen, bere jarrera deitoragarria seinalatu eta salatzeko, aldi berean beldurrik ez ziola erakutsiz. 

Autodefentsaren ildoan kokatu dute hau guztia bildutakoek eta bide beretik erantzuten segitzeko deia luzatu dute. ‘Indarkeria matxistari aurre egin’ zioen mobilizazioan dozenaka emakume hauek erakutsi duten pankartak.