NAIZ

Nazioarteko etxegabetzeen aurkako plataformak, borrokarako fronte komun baten bila

Alemania, Errumania eta Estatu espainol eta frantseseko etxegabetzeen aurkako elkarteek Europan «borroka bateratuko fronte bat» antolatu nahi dute «etxebizitzaren defentsan». Hori da urtarrilaren 15etik 19ra bitartean Hernanin Etxebizitza eta Hiri Eskubidearen aldeko europar koalizioko kideak egiten ari diren topaketen ondorio nagusietako bat.

Donostian antolatutako elkarretaratzeak. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Donostian antolatutako elkarretaratzeak. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Ostiral honetan, Kaleratzeak Stop erakundeko eta aurretik aipatutako estatuetako erakundeetako ordezkariek agiri bat aurkeztu dute, eta, bertan, gogorarazi dute etxebizitza «arazo larria» dela, «pobrezian eta gizarte-bazterketan eragiten duena, eta ehun milioi europar baino gehiagori eragiten diena».

Testuinguru horretan, Droit au logement, Kaleratzeak Stop Berlin, Etxebizitzarako Eskubidearen aldeko Fronte Amankomuna eta Kaleratzeak Stop Euskadi kolektiboetako kideek «ekintza komun baterako kointzidentziak» agerian utzi dituzte, «estatu bakoitzaren berezitasunak» kontuan hartuta.

Era berean, Nazio Batuen Erakundeko Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Batzordearen irizpena bete dezatela eskatu diete administrazioei, «Europako estatuetan indarrezko eta etxebizitza alternatibarik gabeko kaleratzerik ez egotea behartzen duelako».

Gainera, etxe falta «gero eta handiagoa» dela salatu dute; hirietako erdiguneen «turistifikazioaren aurkako neurriak» exijitu dituzte; «etxebizitza parke publikoa pribatizatzeko saiakeren aurka» agertu dira; eta «alokairuak legez mugatzea» eskatu dute ere.

Halaber, «Berlingo esperientziaren jarraipena» egitearen alde egin dute, «pisuen %85a alokairukoak baitira» (heren bat esku pribatuetan), eta herri ekimeneko erreferendum bat egitea proposatu dute, «etxezain handiei milaka etxebizitza desjabetzeko, Alemaniako Konstituzioan oinarrituta».

Bestalde, BPGren %1a baino gutxiago inbertitzen duten estatuei etxebizitzaren arloan gastu gehiago eskatzea eztabaidatu dute, eta «legegintza ekimenak» aztertu dituzte, hala nola EAEko Etxebizitzaren Legea, «etxebizitza hutsen desjabetzea edo nahitaezko alokairua ahalbidetzen duena».

Elkarretaratzeak Donostian

Arratsaldean, Kaleratzeak Stop plataformak Donostiako Boulevardean eta Jose María Sert Plazan deitutako kontzentrazioetan parte hartu dute hainbat auzo elkarterekin batera, hiriko «turistifikazioaren» eta etxebizitzarekin «espekulatzea» bilatzen duten inbertsio funts «oportunisten» aurka protesta eginez.

Zehazki, Airbnb eta zoru publikoan eraikitako babes ofizialeko etxeetatik bizilagunak kaleratzen dituen Blackstone-Testa Socimi enpresa salatzeko egin dituzte elkarretaratzeak.