Ramon SOLA
DONOSTIA

Bihar GARAn, Hernan (Foro Sozial): «Gobernuaren eta presoen borondatea uztartu behar dira»

2020. honen hasieran oraindik konpontzeko dauden «lokarriak» askatzeko proposamen mamitsua egin du Foro Sozialak. Horretaz eta une zehatz honetan dagoen egoeraz mintzo da Agus Hernan bozeramailea, igande honetan GARAk argitaratuko duen elkarrizketan.

Agus Hernán, Foro Sozial Iraunkorreko eleduna. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Agus Hernán, Foro Sozial Iraunkorreko eleduna. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Baldintzak ematen ari dira», ondorioztatzen du Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko eledunak urte honen hasieran. Gobernu espainol berrian konponbideak garatzeko borondatea ikusten du –nahiz pasa den 18 hilabete hauetan Pedro Sanchezek «zertzelada» batzuk baino ez dituen erakutsi eta beti atzera-aurrera eginez– eta EPPKren erabakitasuna ere argi geratu zaio Foroari Hernanek berak Albolote espetxean izandako bileretan. Bi hauekin batera, beste aldagai batzuk erantsi ditu bere analisian.

Bideak zehazteko unea dela ikusita, proposamen zehatza luzatu du Foroak urtarrilaren 2an, konponbide marko orokorra zein lanerako prozedura (hiruki modura, akordioak lortzeko aproposa) barnebiltzen dituena. Horren azalpena egiten du Hernanek GARAri emandako elkarrizketa honetan.

«Enplazamenduetatik akordioetara» pasatzea posible ikusten du Foroak, abiadura hartuko lukeen konponbidea bideratuz.

Honekin batera, batzuekin eta besteekin erraztatzaile lanetan dabilen neurrian, egungo egoeraren nondik norakoak jakiteko ahots garrantzitsua da Hernanena. Alboko detaile adierazgarri pare bat emateagatik, oihartzun handirik gabe etorri den kooperazio arloan dabiltzan euskal erakundeen ekarpena aipatzen du elkarrizketan, bai eta Kataluniatik laster etor daitekeena ere.