Jon Ormazabal

Laso-Albisuk eta Artola-Imazek bosgarren puntua lortu dute

Huts askoko partida batean, Bengoetxea-Mariezkurrena aukerarik gabe geratu dira lehia estu batean Iruñean (19-22) eta Mungian gazteek beste txispa bat erakutsi dute Olaizola II.a-Urrutikoetxeari aukeraik eman gabe (9-22).

Laso pilotara iritsi nahi du aurreko partida batean. (Iñigo URIZ/FOKU)
Laso pilotara iritsi nahi du aurreko partida batean. (Iñigo URIZ/FOKU)

Era oso desberdinean, baina Laso-Albisu eta Artola-Imazek bosgarren puntua lortu dute gaur Iruñea eta Mungian, Baikoren aukera nagusiak direla berretsiz. Labriten, huts askoko partidan, Bizkarretakoak eta ataundarrak azkenaldiko bolada gozoari jarraipena eman diote, nahiz eta atzelaria ez den oso eroso aritu, batez ere partida hasieran. Bengoetxea VI.a eta Jon Mariezkurrenak elkarrekin garaipenik pilatu ezinda jarraitzen dute eta txapelketari agur esan diote.

Gora-behera askoko partida izan da Iruñekoa, ez da lehia ona izan baina gutxienez emozioa izan du, nahiz eta esan daitekeen merezita lortu dutela garaipena Laso-Albisuk, kantxan gehiago izan dira eta.

Mungiako partida

San Antontxu egunean, oso bestelakoa izan da Mungiako partida eta bertan bikote bakarra egon da kantxaren gainean, hasiera-hasieratik Artola-Imazek beste txispa bat dutela erakutsi dute eta. Piloteoan oso nagusi izan dira gipuzkoarrak, Imazek etengabe erakutsi dio bizkarra oso deseroso aritu den Mikel Urrutikoetxeari eta 2016ko txapeldunei kosta egin zaie gazteen martxari eustea, pilota beste abiadura batean irten zaie bai Artolari eta bai Imazi eta uste baino garaipen erosoagoa eskuratu dute, Aimar Olaizola erabat deskonektatzea lortu dute eta. Goizuetakoak eta Zaratamokoak aurreko astean emandako aurrera pausoa ezerezean geratu da, gaurkoan itxura txar xamarra eman dute eta.