Naiz

Arabako bertso Kuadrilla Artekoa martxan da, lehiaketa formatuan

Larunbatean, bat-bateko taldeen ordezkariek eta Arabako Bertsozale Elkarteak Arabako Bertso Kuadrillarteko Txapelketa aurkeztu zuten Aramaion. Txapelketa formatua edukiko du 2020ko edizioak, eta guztira 280 parte hartzaile izango dira. 

Aramaioko bertso Kuadrillla Artekoa urtarrilaren 24an hasiko da. (NAIZ)
Aramaioko bertso Kuadrillla Artekoa urtarrilaren 24an hasiko da. (NAIZ)

Larunbatean aurkeztu zen Aramaion Arabako Kuadrilla Arteko Txapelketa. Iaz banakakoa jokatu ondoren, bi urteko zikloa jarraitzera dator taldekako egitasmo hau. 2010eko Arabako Bertso Kuadrilla Arteko Txapelketa mugarri bat izan zen Arabako bertsolaritzarentzat. Ordutik hona, bi urtean behin taldekako ekimen hau antolatu da, eta aurten seigarren edizioa izango da.

2018ko bideari eutsita Txapelketa formatua izango du aurtengoak ere eta orain arteko bidean sakontzea izango du xede: Arabako bertsolaritzak  urteetan eraikitzen joan den mugimendua saretu eta indartzea.

Taldeka parte hartzen da Txapelketa honetan eta bi modalitatetan: bat-batekoan eta idatzizkoan.

Bat-batekoari dagokionez, 12 talde osatu dituzte. 3-6 bertsolari arituko dira kantuan eta horiekin batera, gai-jartzaileak, epaileak, argazkilariak, grabatzaileak eta sukaldariak. Guztira 9-12 laguneko taldeek parte hartzen dute. Taldeak antolatzaile ere badira, bere herrian edo eskualdean saioak antolatzeaz arduratu behar dute eta. Aiaraldea, Mendialdea, Lautada (bi talde), Gorbeialdea (hiru talde) eta Gasteiz (bost talde) izango dira parte hartuko duten zonaldeak.

Idatzizko modalitatea ere antolatu da, aurtengoan lehia sortuaz eta horretan 16 taldek hartuko dute parte: Gazte Asanbladak, Mintzalagun taldeak, lagun kuadrillak, bertso eskolako kideak... Bertsoak prestatu, idatzi eta jende aurrean edo jendearekin batera kantatuko dituzte.

Bat-batekoa eta idatzizkoa kontuan hartuta, guztira, 280 parte-hartzaile ariko dira funtzio desberdinetan, aurtengo Kuadrilla Artekoan.

Urtarrilaren 24an ospatuko dituzte lehenengo saioak eta martxoak 28ra arte luzatuko dira kanporaketak eta finalaurrekoak. Finala Mungian jokatuko dute.