NAIZ

Pepa San Martinen «zinema konprometituak» jasoko du Zinegoaken Ohorezko Saria

Pepa San Martin zuzendari txiletarrak jasoko du, otsailaren 24an, Zinegoaken Ohorezko Saria. Hala, zinema eta kultura eraldaketarako arma gisa ulertu izana eta zinema «konprometitu» eta «ahaldundua» egin izana aitortu nahi zaio.

San Martinek otsailaren 24an jasoko du saria. (ZINEGOAK)
San Martinek otsailaren 24an jasoko du saria. (ZINEGOAK)

Pepa San Martin zuzendari txiletarrak jasoko du Zinegoaken 17. edizioko Ohorezko Saria, otsailaren 24ean Bilboko Arriagan egingo den irekiera galan. Sariarekin, San Martinen «zinema konprometitua»-ri aitortza egin nahi dio Bilboko gayslesbitrans zinema eta arte eszenikoen nazioarteko jaialdiak.

Pau Guillen Zinegoak jaialdiko zuzendariaren hitzetan, «zinema eta kultura mundua eraldatzeko arma gisa ulertzen ditu San Martinek». Zinemagileak emakumeei dagokien espazioa eta ikusgarritasuna aldarrikatzen du bere lanaren bidez, bai Txileko gizartean, bai zinemaren industrian.

San Martin Curicó hirian jaioa da, 1974an. Bere ibilbide profesionala zinema eta antzerkiari lotua joan da eta, orotara, 30 film luzetan hartu du parte, batez ere zuzendaritza laguntzaile bezala. ‘La ducha’ (2011) eta ‘Gleisdreieck’ (2012) film laburretan lesbianismoa jorratu zuen, eta biek nazioarteko hainbat sari jaso zuten. 2016an kaleratu zuen bere lehen film luzea, ‘Rara’, hau ere arrakastaz. Besteren artean, Zinemaldiko Horizontes Latinos saria jaso zuen. Lan horretan, San Martinek Karen Atala jatorri palestinarra duen abokatu eta epaile txiletarraren benetako istorioa kontatzen du. Atala bere burua lesbiana gisa izendatu zuen Txileko epailetzako lehen profesionaletako bat izan zen. Protagonista lesbianak izanda, publiko orokorrerako kalifikazioa lortu zuen lehenengo pelikula izan zen Txileko zine komertzialetan.

«San Martinen filmografiak eskema zaharrak irauli nahi ditu, elkarrizketak irekitzen dituen bitartean», azaldu du Guillenek. Horregatik, zuzendari txiletarraren «lana, kemena, energia eta kontzientzia» aitortu nahi izan ditu Zinegoak jaialdiak: «Espero dugu egindako lanaren aitorpen gisa ez ezik, zalantzarik gabe etorriko diren proiektuak indartzeko eta babesteko ere balio izatea».

Zinegoak 2020ko Ohorezko Saria otsailaren 24an Arriaga Antzokian egingo den Inaugurazio galan jasoko du. Aurretik, hilaren 23an, ‘Rara’ bere filma proiektatuko da, 19.00etan, BBK Salan. Horrez gain, otsailaren 26an masterclass bat eskainiko du Euskal Herriko Zinema Eskolan, EHZE.