naiz
DONOSTIA

‘Hauspotu, Herriak Bizituz’ aurkeztu du Udalbiltzak, baldintza latzenak dituzten lurraldeei begira

Ekonomia Sozial Eraldatzailean oinarritzen diren proiektuak sustatuko ditu despopulazio, langabezia tasa altuak eta zerbitzuen irisgarritasunean arazoak dituzten eskualdeetan. Koop 57 eta OlatuKoop taldeen laguntza izango du horretarako.

Gorka Julio, Jabi Asurmendi eta Leire Udabe, proiektuaren aurkezpenean. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Gorka Julio, Jabi Asurmendi eta Leire Udabe, proiektuaren aurkezpenean. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Baldintza sozioekonomiko «latzenak» pairatzen dituzten eskualdeetan Ekonomia Sozial Eraldatzailea (ESE) bultzatuko du Udalbiltzak, Koop 57 eta OlatuKoopen babesarekin, Hauspotu, Herriak Bizituz proiektuaren bitartez. OlatuKoopeko Leire Udabek, Koop57ko Gorka Juliok eta Udalbiltzako Jabi Asurmendik aurkeztu dute proiektua Donostian.

«Urteen joanarekin, lurralde desoreka areagotzen joan den arazoa dugu Euskal Herrian», aipatu dute ostiral goizean egin duten aurkezpenean. Landa eremuaren despopulazioarekin arduratuta daude, eta berriki Nafarroako Gobernuak argitaratutako datuak aipatu dituzte, «non, besteak beste, agerian geratu den Pirinio eta Ameskoa ibarretan biztanleria gutxitzen ari dela».

«Udalbitzak Euskal Herri mailako arazo larri horri, Euskal Herri mailako erantzuna ematea proposatzen du», agertu dute.

2013-2015 urteetan Euskal Garapen eta Kohesio Fondoak garatutako ‘Euskal Pirinioetan lan eta bizi’ programaren ondorengoa da Udalbitzak proposatutakoa, berau lurralde gehiagotara zabaldu asmo duena.

Esku-hartzeko behar gehien duten lurraldeak identifikatzeko, Gaindegiak azterketa bat egin dio Udalbitzari. Hala, ondorioztatu dute bost eremu hauek dutela lehentasuna Hauspotu, Herriak Bizituz ekimena martxan jartzeko: Pirinio Kontinentala (Nafarroa Beherea eta Zuberoa), Pirinio Penintsularra (Auñamendi, Pirinio Aurrea, Erronkari, Zaraitzu, Zangotzaldea eta Irunberri), Nafarroa Erdigunea (Tafallaldea, Estellerria eta Izarbeibar), Araba (Mendialdea, Trebiñu eta Ibarrak) eta Enkarterriak.

Bi ardatz ESEren baitan

Egitasmoak bi ardatz nagusi izango dituela azaldu dute: babes teknikoa eta babes ekonomikoa. «Biek ala biek ESE perspektiba duten proiektu eta egitasmo berriei eta dagoeneko abian direnei baina aurrera egiteko laguntza behar dutenei bideratuko dira», eta, besteak beste, zaintza, etxebizitza, agroekologia eta proiektu komunitario eta kolektiboak sustatuko dituzte.

Babes teknikoa izeneko ardatzaren baitan, jardunaldi formatiboak eskainiko dituzte otsaila eta martxoa bitartean; orotara, sei saio: Agoitzen, Argantzunen, Balmasedan, Garesen, Galozen (Izizen) eta Izuran. Bertan, Udalbiltzak tokian tokiko errealitatea ezagutu eta parte hartzaileak ESEren munduan murgiltzera gonbidatuko ditu, Euskal Herrian OlatuKoop sarearen baitan ESE bultzatzen duten proiektu ezberdinen parte hartzearekin.

Sei saio ibiltariak borobiltzeko, zazpigarren bat egingo dute, aurrekoetan parte hartu dutenen artean «sinergiak sortzeko edota kezkak partekatzeko».

Babes ekonomikoari dagokionean, ESE oinarri duten proiektuak maileguen bitartez finantzatzeaz arduratuko da Koop57. Orotara, 250.000 euro arteko maileguak eskainiko dira.