Oihane Larretxea
Donostia

Saramagoren ‘Lisboako setioaren historia’, euskaraz «orraztua»

Badira hogei urte Jon Alonso itzultzaileak lehen aldiz euskarara ekarri zuela Jose Saramagoren ‘Lisboako setioaren historia’. Bertsio hura hartu eta errebisatu egin du, orraztu eta zuzentzeko. Geroztik, adierazi duenez, «euskararen hizkuntza literarioak aurrera egin du nabarmen», eta «gaituagoak» gaude orain.

Ezker eskuin, Itziar Diez de Ultzurrun (EIZIE), Jon Alonso itzultzailea eta Xabier Mendiguren (Elkar). (Juan Carlos RUIZ I FOKU)
Ezker eskuin, Itziar Diez de Ultzurrun (EIZIE), Jon Alonso itzultzailea eta Xabier Mendiguren (Elkar). (Juan Carlos RUIZ I FOKU)

Akaso egongo da inor oroituko denik 1999ko urriaren 7an Jose Saramago Literatura Nobel sariduna Bidebarrietan izan zela, Bilbon. Ekitaldi gutxik sortu zuten areto hartan halako ikusminik. Errekonozimendua justu aurreko urtean jaso zuen. Bisitaren arrazoia, gainera, ez zen nolanahikoa: ‘Lisboako setioaren historia’ (‘Historia del cerco de Lisboa’) eleberriaren euskaratzea. Jon Alonso (Iruñea, 1958) itzultzaileak ekarri zuen gure hizkuntzara gazteleratik eta idazle portugaldarra alboan zuela eman zituen argibideak.

Hogei urte igaro dira eta xehetasunak bizi-bizi ditu bere memorian Alonsok. Gaur, prentsaurrean konpartitu ditu zenbait anekdota, Elkarren eskutik berriro errebisatu baitu itzulketa hura. Itzulketa baino, orrazketa eta zuzenketa lan bat izan da egin duena. «Duela hogei urte egin genuenak bazuen erokeria puntu bat, itzulketari dagokionez. Geroztik, euskararen hizkuntza literarioak aurrera egin du nabarmen eta gaituagoak gaude orain», iritzi du.

Esan duenez, obra bertsua da «%95 batean»; aspektu formalei dagozkie egin dituen aldaketak. Hizkuntzari dagokionez, bere burua errekonozitu duela aitortu du, duela hogei urteko ispilu hartan begiratu denean. Zerotik abiatu eta berriro erabat itzultzeak zentzurik ez zuela uste du.

Itzulketaren bueltan ere egin du gogoeta. Bere aburuz, gaur egun itzultzaile askok, euskararen arloan, «hizkuntzaren gaineko irudi platonikoa dute» uste baitute «hizkuntzak direla perfektuak, borobilak, hutsik gabeak eta gauzatuak». Ez dago batere ados uste horrekin. Alonsok hizkuntza «praxis» bat dela defendatu du, ariketa bat, eta ausardi behar dela hizkuntza bihurritzeko, esan ez direnak esateko, ematen dituen aukera guztiak aprobetsatzeko. «Hizkuntza beti borrokan dago. Eta horrela garatzen eta gauzatzen dira», erantsi du.

Liburuaren mamiaz

Jose Saramagoren (1922-2010) zazpigarren nobela izan zen ‘Lisboako setioaren historia’ eta, Alonsoren hitzetan, estiloaren aldetik, lan honek gailur bat markatu zuen. Hain berezkoa zuen prosarekin Lisboako setioa kontatzen du idazleak, maitasun istorio batekin tartekatuz. Funtsean dagoen gogoeta: «Matxinatzea zein inportantea izan daitekeen», adierazi du Alonsok.

Raimundo Silva da protagonista, adinean sartua dagoen testu-zuzentzaile lisboarra. Bizimodu nahiko apala darama, aspergarria neurri batean. Egun batez, Lisboako setioari buruzko liburu bat zuzentzen ari dela, bere betebeharra itzuriko zaio eta «bai» jarri zen zuen lekuan «ez» idatziko du. Transgresio txiki horrek Portugaleko historia aldatzen du, baina baita Silvarena berarena ere. Behingoz, patuaren subjektu bilakatuko da.